Metroko zaindarien aurkako erasoaren "bertsio hain ezberdinen" aurrean, zorroztasuna eskatu du LABek

uriola.eus 2016ko abe. 28a, 09:04

Prosegurreko zaintzako bi langilek Gabon Gaueko zerbitzuan San Mames metro geltokian jasandako erasoaren berri eman duten bi iturrien bertsioak "hain ezberdinak" izanik, LAB Metro Bilbaok "zorroztasuna" eskatu du gertatua baloratzeko orduan. 

Zabaldu den informazioa "bi iturri oso desberdinetatik dator", LABen arabera. Hedabideetan hamar pertsonak bi zaintza-langileri emandako "jipoi basatiaz" ari diren bitartean, Metro Bilbaoko Segurtasun Sailetik LABeko prebentzio-ordezkariari esan diote "gertakaria ez dela inola ere talde oso batek zaintzaileen aurka egindako eraso kolektiboa izan". 

Bertsioak "hain ezberdinak" izaki, gaia "ikuspegi eta zorroztasun egokiz" aztertu behar da LABen esanetan. "Errealitatearekin bat ez datorren metroari buruzko irudia proiektatu nahi duten lerroburu gehiegizko eta egiaztatu gabeko albisteak saihestuko baditugu".

Horregatik, Metro Bilbaoko zuzendaritzari San Mames geltokian "benetan gertatu zena argitzeko" prentsa oharra publiko egiteko eskatu dio LABeko ordezkaritzak, eta "behar izanez gero, interesatuei grabazioak erakuseko ere bai, gertakariaren interpretazio okerrik egin ez dadin".

LAB Metro Bilbaok "oraingoan ere" salatu du Metro Bilbaoko lantaldeak zein metroaren instalazioetan aritzen diren bestelako lantaldeen kontrako erasoa.

Bestalde, Metro Bilbaotik eta Prosegurretik sustatzen ari den "segurtasun-eredua sakon" kritikatu du LABek. Proiektatzen ari den "eredu hierarkizatu, militarizatu eta maskulinizatuaren aldean, prebentzioa landuko duen ereduaz jabetu behar dugu, hezkuntza, justizia soziala bezalako balioetan oinarritua eta gizarte eta genero aldeetatik inklusiboak diren jarreren aldekoa".

Segurtasuna Metro Bilbaon "mundu ilun, zabar eta itxia da, gurea bezalako enpresa publikoetan miliokako kontratuak banatzen dituzten segurtasun-enpresa handietatik ekarritako jokabide sasi-mafiosoetan oinarritua". Horregatik dio LABek Metro Bilbaon ez dela efektibo gehiagorik behar, "ez da piperbeltz-gas eta borra luzagarririk behar". Behar dena "gardentasun eta zabalpen printzipioetatik arituko den segurtasun-sistema" da.

 

Elkarretaratzea

Prosegur Bizkaia enpresa batzordeak deituta gaur eguerdian Nafarroa kalean Bilboko Metroko egoitza nagusiaren aurrean protesta-elkarretaratzea egingo dute. Batik bat, jaiegun eta jende asko dabilen egun berezietan segurtasun langile gehiagoren presentzia eskatuko dute Bilboko Metroko langileek zuzendaritzaren aurrean.

 

[2016-12-27] Metroko bi zaindarik jasotako erasoa salatzeko elkarretaratzea egingo dute