Euskal Herrira zortzi errefuxiaturekin zetozela atxilotu dituzte Grezian Mikel Zuloaga bilbotarra eta Begoña Huarte nafarra

uriola.eus 2016ko abe. 28a, 11:10

Argazkian Mikel Zuloaga eta Begoña Huarte (argazkia @Hibai)

Igoumenitsako portu greziarrean atxilotuak izan dira Euskal Herrira iristen lagundu nahi zieten zortzi pertsona errefuxiaturekin batera Mikel Zuloaga eta Begoña Huarte ekintzaile solidarioak. "Europako migrazio politika bidegabeak" salatzeko, "giza eskubideen aldeko ekimen solidario eta aldarrikatzaile baten" baitan kokatu dute euren ekintza. 

Publikoki agertu dute Mikel Zuloaga eta Begoña Huartek legez kanpo eraman dituztela pertsona errefuxiatuak, eta ondorioak onartzen dituztela. "Historiako beste sarraski batzuekin aldera daitekeen basakeriarekin" ez dute kolaboratu nahi, eta horregatik ahalegindu dira pertsona errefuxiatuak Euskal Herrira ekartzen. Mikel eta Begoñak ekintza baino lehen grabatuta utzi duten bideo batean adierazi dutenez, "betiere giza eskubideak obeditu" dituzte eta "erabat" desobeditu dituzte "mugak milaka pertsonarentzat heriotz, atxiloketa eta deshumanizazio espazio bihurtu dituzten Europako gobernuak". 

Irabazi asmorik ez duen ekintza izan dela zehaztu dute. Gizarte mugimenduetako hainbat pertsonak autofinantzatua. Helburu bakarrekoa: "Gizakien arteko elkartasuna adieraztea eta salaketa politikoa egitea".

Mikel Zuloaga eta Begoña Huarteren arabera, egungo testuinguruan hiritarrek duten desobeditzeko eskubidea gauzatu dute: "Gobernuek izua legeztatzen jarraitzen duten bitartean, giza eskubideak urratzen jarraitzen duten bitartean, eta kuota ahula bete gabe jarraitzen duten bitartean gizarte eragileek, hiritarrek eta fede honeko hiritarrek desobeditzeko eskubidea dugu pertsona errefuxiatuak ekarriz eta Euskal Herria harrera herri eginez". 

 

Grezian atxilotuak Italiarako bidean

"Desobedientzia" ekintza bat burutu nahi izan dute, hainbat gizarte mugimenduk finantzatutakoa. Mikel eta Begoñaren helburua Euskal Herrira iristeko zortzi errefuxiaturi laguntza ematea zen. Horretarako autokarabana batean irten zuten Greziatik Mikel eta Begoñak, baina Italiara gurutzatu aurretik Greziako Igoumenitsa portuak atzeman zituzten atzo, hilak 27. 

"Baliteke pertsona errefuxiatuak une honetan aske egotea", Harrera Solidarioa elkarteak jakitera eman duenez. Mikel eta Begoñak ordea atxilotuta jarraitzen dute, epaile aurretik pasatzeko zain. Elkarteak zabaldu duen oharrean aipatzen denez, "pertsonen trafikoa leporatu dakieke", Grezian "espetxealdi oso luzearekin zigortzen den delitua".  

Mikel eta Begoña "ez zebiltzan gizakiekin trafikatzen" argitu nahi izan du Harrera Solidarioak: "Lege europarrekiko desobedientzia ekimen baten bitartez ekintza solidarioa eta salaketa ekintza burutzea zuten helburu. Hainbat gizarte mugimendu eta kolektiboren babesa eta finantzaketa izan duen ekintza izan da". 

Hibai Arbide Aza (@Hibai) eta Pikara Magazine izan dira Mikel eta Begoñaren atxiloketaren berri eman dutenak sare sozialen bitartez. 

 

Elkartasun mezuak eta sinadura bilketa

Atxiloketaren berria zabaldu bezain pronto asko eta asko izan dira sare sozialen bitartez Mikel eta Begoñari elkartasuna adierazi dieten elkarte, kolektibo eta norbanakoak. 

Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia plataformak Change.org atarian Libertad para Mikel y Bego izeneko eskaera plazaratu du "Greziako justiziari zuzendua".