Lege eta politika bidegabeen aurrean desobedientzia indartzeko deia zabaldu dute

uriola.eus 2016ko abe. 29a, 08:41
Mikel eta BegoƱaren atxiloketari erantzuteko elkarretaratzea

Grezian atxilotutako Mikel Zuloaga eta Begoña Huarte ekintzaileei elkartasuna agertzeko eta "lege eta politika bidegabeen aurrean desobedientzia zibila indartzeko" elkarretaratzea deitu du abenduaren 30ean Arriaga plazan Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia plataformak.

Euskal gizarteak "neurri handian" erantzun dio Euskal Herrira Greziatik "era solidarioan" pertsona errefuxiatuak ekarri nahian ari ziren Begoña Huarte nafarraren eta Mikel Zuloaga bilbotarraren atxiloketari, Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia plataformaren arabera. Euskadiko sindikatu ia guztien, talde politikoen, GKEen eta gizarte eragile ugariren erantzuna ere handia izan da. Baita Estatu espainiarreko hainbat erakunderena ere.

Denek eskatu dute Mikel eta Begoñaren askapena bi aktibisten ekimena "desobedietzia ekintza bezala" ulertzen dutelako. "Pertsona migranteekiko Europar Batasunak sustatzen dituen lege eta politika bidegabeengatik gobernuei gizarteak eskatzen dien aldarriari emaniko erantzuna", alegia. 

Arratiako Areatza, Artea, Igorre, Arantzazu, Dima eta Lemoako Udalek Mikel eta Begoña babesteko agiria sinatu dute eta Arratia "harrera leku" izendatu dute.

 

Deklarazioa, akusazioa eta kudeaketa

Ondo bidean, gaur deklaratuko dute epailearen aurrean Begoñak eta Mikelek eta gaur ezagutuko dute zer leporatzen dieten zehatz. Eusko Jaurlaritza "ari da dagozkion kudeaketak egiten pertsona horien egoera zein den jakiteko eta bere egoera ahalik eta ongien bideratzen laguntzeko", atzo Josu Erkoreka bozeramaileak jakitera eman zuenez. Alde horretatik, harremanetan dago Ongi Etorri Errefuxiatuak Plataformarekin, familiekin, Espainiako Gobernuarekin eta Greziakoarekin. Jaurlaritza, Begoña eta Mikelen "arrazoiak ulertu" arren, "ez dator bat metodoarekin". 

 

Elkarretaratzeak

Begoña eta Mikeli elkartasuna adierazteko eta desobedientzia zibila indartzeko helburuarekin elkarretaratzeak deitu ditu Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia plataformak hainbat herritan. Gaur, hilak 29, Zeanurin eta Iruñean. Bihar, hilak 30, Bilbon, Arriaga plazan, 18:00etan. 

 

Bozeramaileen Batzordea batzartzeko eskaera

Aitziber Ibaibarriaga, Carmen Muñoz eta Francisco Samir Lahdou, EH Bildu, Udalberri-Bilbao en Comun eta Goazen Bilbao Udal taldeetako bozeramaileek, Udal Bozeramaileen Batzordea egitea eskatu dute gaur goizean, "erakunde mailako aitorpena adosteko" eta "zortzi errefuxiatu Euskal Herrira ekartzen ari zirela Grezian atxilotutako Mikel Zuloaga bilbotarraren askatasuna aldarrikatzeko eta babesa emateko".

 

Animotsu

Pikara Magazine eta TeleSur TV-ko Hibai Arbide Aza kazetaria izan dute uneoro ondoan bi solidarioek. Euren ekintzaren albisteak zabaltzeko helburua du Hibaik. Atzo Begoña eta Mikelekin hitz egiteko aukera izan zuen, "Grezian posible baita atxilotuekin hitz egitea", zioen kazetariak. Bere Twitterreko kontuan (@Hibai_) Hibaik idatzi du Begoña eta Mikel "oso animotsu" daudela. "Jakin badakite expetxeratuak izateko arriskua dutela, baina harro daude EBeko mugak desobeditu izanagatik". EBk giza eskubideak urratzen dituen bitartean, Begoñaren esanetan, "mugak legez kanpo gurutzatzen jarraituko dugu. Guk eta gure kideek". Mikel ere esperientzia errepikatzeko prest agertu da. Izan ere, "orain badakigu zerk huts egin duen", esan du. "Hurrengoan dena ondo irtengo da, errefuxiatuei bidaia egiten berriro laguntzeko prest baikaude, noski". 

 

[2016-12-28] Euskal Herrira zortzi errefuxiaturekin zetozela atxilotu dituzte Grezian Mikel Zuloaga bilbotarra eta Begoña Huarte nafarra