Bilboko Udalak gaur egin duen aparteko Osoko Bilkuran 2017ko behin betiko aurrekontua berretsi du. Aurrekontu hori 527,9 milioi eurokoa da, 2016an baino %3,6 gehiago. Bestalde, Udalaren menpeko sozietate eta erakunde publikoak barne hartzen dituen aurrekontu bateratua 571 milioi eurokoa da.
Azaroan eta abenduan izandako eztabaidaren eta negoziazioaren ondorioz, Juan Mari Aburto alkateak adierazi duenez, "kontu berrietan talde politiko guztien ekarpenak daude sartuta", 1,6 milioi euroko zuzenketekin.
"Aurten, iaz legez, Euskal Herriko aurreneko hiriburua izan da aurrekontuak onartzen", esan du harro alkateak. Aburtoren iritziz, Udalaren prozesurik garrantzizkoenetakoa da "zorroztasunez, ahalegina eta lana eginda, adostuta eta parte hartuta gestionatzen ditugu gure hiriaren jardun egokia bideratuko duten zifrak".
Alkateak gogora ekarri ditu Udalaren ibilbide-orriko funtsezko hiru ardatzak. Lehenengoa "gizarte ongizatea eta bizimoduaren kalitatea", bigarrena "enplegua, inbertsio publikoa eta jarduera ekonomikoa" eta hirugarrena "kalitatezko zerbitzu publikoak".
Hiru ardatz horiez gain, Juan Mari Aburtok azpimarratu du datorren ekitaldirako %3,6ko gehikuntzaren helburua dela "Bilbok hazten jarraitu dezan eta eragilea izateko ideia eta inbertsio berriekin eta arreta berezia jarrita auzoen bilakaeran".
Nobedade handienetako bat EAJko buruaren arabera, "parte-hartze bidezko aurrekontuak egitea izan da", lehenengoz aurten, herritarrek aurkeztu eta 2 milioi eurotan baloratutako 22 proposamenekin lotutako 17 proiektu sartuta. "Izan ere, agindu genuena betez bilbotarrek hitza izan dezatela nahi dugu", erantsi du alkateak.
Kritikak
EAJk eta PSEk osatzen duten udal gobernuak 2017rako aurrekontuak onartzean "enplegu publikoaren inguruko murrizketa politikak mantentzeko apustu argia" egin dutela salatu du EH Bilduk. "Lotsagarria" irizten dio koalizioak udal aurrekontua %3,55 igoko delarik, "langileen gastuak %0,28 baino ez igotzea".
EH Bilduk zuzenketa bat aurkeztu dio gaurko Osoko Bilkuran udal gobernuak alegazioei buruz Udalbatzarrari proposatzen dion ebazpen proposamenari. "Udal honetako langileen ordezkaritzaren gehiengo oso zabala duten sindikatuek aurkeztutako alegazioak aintzat hartzea proposatzen dugu, onartzea alegia", esan du Aitziber Ibaibarriaga bozeramaileak.
Udalberri ere kexu agertu da aurrekontuekin. 2017rako diru kontuek "hiriko beharrizanei ez dietela erantzungo" uste du Carmen Muñoz eledunak EAJ-PSEko gobernuak "ez baitu diagnostiko zuzena egin". Bat egin du Udalberrik udaleko langileen ordezkaritza zabalak egin dituen alegazioekin. Udal gobernuak "beste behin" baztertu dituen alegazioak, Muñozek zehaztu duenez. Bere esanetan, hiritarren alegazioak baztertzeak "interes falta" adierazten du aurrekontu parte-hartzaileak adosterako orduan, eta "itxurak egitea" leporatu dio Aburtok zuzentzen duen taldeari.
Goazen Bilbaok ere ez du atsegin onartutako aurrekontua. Besteak beste, aurrekontu proiektuari aurkeztutako 46 emendakinen artean hiru baino ez zituelako onartu udal gobernuak. "Ezer baino hobea den arren", bere "atsekabea" azaldu du Samir Ladhou zinegotziak. Udal gobernuaren aldetik "setsibilitate gehiago" espero zuen "hirian sustraitu diren desberdintasunak arintzeko, enpleguaren sorkuntzan ahalegin handiagoa eginez, periferiako auzoetako irisgarritasuna hobetzeko edota pobreziaren aurka borrokatzeko".
Partido Popularra aliatu izan du EAJ-PSEko udal gobernuak 2017rako aurrekontuak onartzerako orduan. Izan ere, lau zinegotzi popularren abstentzioak babestu ditu 2017ko udal kontuak. Bozketa baino lehen, negoziatuak zituzten PPk eta udal gobernuak 1,1 milioi euroko balioa zuten emendakinak.
[2016-12-01] Bilboko Udalaren aurrekontu orokorra 2016an baino %3,6 handiagoa izango da 2017an