"Arantza Zuluetaren tortura" galeraz dezatela eskatu dute ehunka lagunek

uriola.eus 2017ko urt. 9a, 07:00

Argazkiak: Arantza SOS plataforma

Hiru urte daramatza atxilotuta isolamendu egoeran Arantza Zulueta abokatuak. Behin-behineko espetxealdian dagoen EPPK kolektiboko kide bakarra da. Bere kasua "larria, irregularra eta justifikaezina" dela nabarmendu dute Arantza SOS plataformako lagunek. Hori dela eta, gizarte eragileei eta herri ordezkariei "esku hartzeko eta Arantzaren aurkako tortura galerazteko" eskatu diete. 

Arantza Zulueta "deserosoa" zelako, Estatuaren estrategian "oztopoa" zelako, espetxe politika justifikatzeko argudioak "bertan behera uzten zituelako", eta bakerako agertokia indartzeko EPPKren interlokuzio taldean zuen papera "ez zelako batzuen gustukoa" atxilotu zuten Arantza SOS plataformak manifestazioaren amaieran salatu zuenez.

Sarekada gertatu zenean "oso nabaria izan zen operatiboaren atzean helburu politiko bat zegoela", adierazi dute plataformaren izenean Oihana Bartrak eta Lola Gomezek. "Eta Estatuak Arantza erabili eta aurkeztu nahi zuen operazio horren trofeo gisa".

Isolamenduaren "tortura" pairatzen hiru urte daramatza Arantzak. "Bakartuta, isolatuta, estimulu gabe, maitasun gabe". Bere kasua "larria, irregularra eta justifikaezina" da Gomezen hitzetan, "turko burutzat erabiltzeko duten desio nabarmenetik haratago". Behin-behineko espetxealdian dagoen EPPK kolektiboko kide bakarra da egun.

Joan den udan sortu zuten Arantza SOS plataforma Zuluetaren egoera jendarteratzeko eta gizarte eragileekin eta herri ordezkarieekin elkarrizketa zuzenak izateko. Harrezkero, plataformako kideak alderdi eta sindikatu nagusiekin batzartu dira. Besteak beste, EAJ, EH Bildu, PSE, Geroa Bai, Podemos Nafarroa, Izquierda Ezkerra, Podemos CAV, Ganemos-Goazen, ELA, LAB, CCOO, EHNE, Steilas eta ESKrekin elkartu dira. "Orain esku hartu dezatela eskatzen diegu, Arantzaren tortura galeraz dezatela". 

Hartu-emanek Arantzaren askatasunaren aldeko aldarrikapena zabaltzeko balio izan die. Babesak biltzeko. Esaterako, mugimendu sozial eta feministaren babesa eta talde zein lan esparru ezberdinetako jendearen babesa jaso dute. "Eta milaka pertsonak sinatu dute Arantza kaleratzeko eskaria".  

Hilabete amaieran Bilboko Udalbatzarrean Arantza Zuluetaren egoera mahai gainean izango da. Plataformaren helburua ildo horretan aurrera egitea da, eta "beste eremu instituzional batzutara heltzea". 

Arantza bezala "modu arbitrarioan, urteak pasatuta, isolamendu gordinean" Castelloneko espetxean dagoen Harriet Iragi bilbotarra gogoan izan du Arantza SOS plataformak: "Etorkizuna eraikitzeko garaia da eta iraganeko urteetan Arantza edota Harrietek pairatzen dituzten egoerek ez bazuten inolako justifikaziorik ere, agertoki berri honetan askoz gutxiago. Espetxe politika aldatzeko ordua da, presoak etxera bueltatzeko unea heldu da. Arantza Zulueta askatzeko ordua da".