Baikorra da Sare herri dinamika 2017 "urte erabakiorraren" aurrean, aurtengoa Espainiako eta Frantziako Estatuen "inmobilismoaren desblokeoaren urtea" izango baita. Urtarrilaren 14ko inflexio puntuak, "sufrimendu etapari amaiera emateko" balioko du, eta "behin betiko bakea lortzeko itxaropenari ateak zabalduko dizkio", Joseba Azkarragaren esanetan. "Konfliktoaren erresoluziorako urteaz" mintzo denean, Espainiako parlamentuko gehiengoak "espetxe-politikaren aldaketa bultzatuko duen" konfiantzaz mintzo da.
Hori dela eta, larunbatekoa "azken mobilizazio handia" izatea espero du Sarek. Milaka hatz salatzaile elkarrekin altxatuta ikusi nahi ditu Bilboko kaleetan helburu berdin bategatik: "Giza eskubideak, konponbidea, bakea". Manifestazioak ezberdinen arteko "ahalegin komuna" irudikatu nahi du. Horretarako Ainhoa Azkarate sarekideak "bakoitzaren ideologioak alde batera uzteko" deia egin du: "Elkar gaitezen, eta salaketa hau sentimendu sozial bihur dezagun, askotarikoa eta anitza, gure jendartea bezalakoa".
Babes zabala lortu du deialdiak. Azken egunotan, besteak beste, Podemos Euskadiko Nagua Alba parlamentariarena. Talde politiko edota sindikalen babesa "ongietorria" den arren, Azkarragak adierazi du Sare ez dela inoiz alderdi politikoengana zuzendu: "Gonbidapena orokorra da euskal gizartea abangoardia izan dadin 2017an; hori da funtsezkoa".
"Espetxe-arautegia aldatu behar da", esan du Azkarragak eta gogor kiritikatu ditu Jose Ignacio Zoido Espainiako Barne ministroak presoei ezarritako baldintzak Euskal Herriko kartzeletara hurbitzeko: "Onartezina da. Ez dago administraziorik ez legeriarik horrelako baldintzarik onartzen duenik [...] Ezin da ordainik eskatu legea betetzeko".
Urtarrilak 14
Eguneko egitarauari dagokionez, 10:00etatik informazio puntua Adaxka tabernan egongo da, Ronda kaleko 29an, eguerdira arte. Ordu horretatik aurrera, hasiko dira ekimen desberdinak Bilboko Alde Zaharrean zehar: txistulariak, bertsolariak, trikitilariak, SARE kantari...
Ordu horretan ere, informazio puntu ezberdinak aurkitu ahal izango dira sarekide eta bazkide egiteko, Dispertsioaren liburuxka lortzeko, Sare dinamikaren materiala erosteko...
11:00etan Zamudioko Atarian eguneko lehen adierazpenak eskainiko ditu Sarek.
Alde Zaharrean, egun osoan zehar salaketa egin ahal izateko aukera ezberdinak izango dituzte herritarrek.
Antolaketarako 700 bat bolondres beharrezkoak dira, eta horretan izen eman dezake edonork www.sare.eus web orrialdean, ondoren beraiekin harremanetan jarriko dira lana banatu ahal izateko, kuestazioan, trafikoan laguntzen.
Sakabanaketaren aurkako eskaerak Estrasburgon
2015eko manifestazioan bildutako dirua
Egoera ekonomiko "larrian" geratu da Sare herri dinamika Guardia Zibilak, Auzitegi Nazionalaren aginduz, 2015eko manifestazioaren ostean "lapurtutako" 104.000 euroengatik Joseba Azkarragak gaur jakitera eman duenez. Fakturak ordaindu gabe ditu Sare egitasmoak, eta zorrengatik ezin izan ditu zenbait jarduera burutu. Hori dela eta, aurten ere manifestazioan zehar ehunka boluntario, Sare dinamikaren txalekoa soinean dutela, diru bilketan ariko dira manifestazioaren antolaketak eragiten dituen gastuak ordaintzeko. Horretarako, aurten ere, hiru lagunek jasoko dute bildutako diru guztia eta finantza erakundeetara eramango dute, "inork inolako arrazoirik izan ez dezan akusazioak egiteko".