Gazteek jasaten duten lan prekaritatea salatuko dute Burger Kingaren aurrean

uriola.eus 2017ko urt. 12a, 09:22

Janari azkarreko enpresetan prekarietatea "lanaren parte eta ezaugarri" dela salatzeko protestaldia deitu du Eragin Bilbo asanbladak 19:00etan Abandoko Burger King saltokiaren aurrean. Astelehenean hil zen pizza banatzaile gaztea gogoan izango dute elkarretaratzean. 

Hildako langile gaztea Gorlizeko Mec Mec pizzeriako banatzailea zen. Abenduaren 30ean motorrean banaketan ari zela istripua izan zuen, eta joan den astelehenean hil zen zaurien ondorioz. 

Ernai gazte antolakundeak salatu duenez, gertaturikoa ez da abiadura handiegiaren eraginez gertaturiko istripu soil bat izan: "Errealitatea da, janari azkarreko enpresetan, azkar joatea lanaren parte dela". Halako enpresek presioa eragiten diete langileei, Ernairen arabera: "Prekarietatea lanaren parte eta ezaugarri da".

Pizzeria Mec Mec beste batzuen aldean enpresa txikia izanagatik, baldintzak antzekoak direla gaitzetsi dute: "Bestela, zergatik eskatzen ditu gazteak bere web orrian curriculum-ak bidaltzeko atalean? Alde batetik, sektore horretako gainerako munstroekin (Telepizza, Domino´s Pizza...) soldata baxuekin lehiatu ahal izateko, eta bestetik, gazteei zuzendutako enpleguak direnez, jendarteak baldintza prekarioak justifikatu egiten duelako". 

Gazteei, hain zuzen, enplegu prekarioak dagozkiela ulertzen du gizarteak, Ernaik salatu duenez. Eta ez bakarrik soldatari dagokionez: "Jendartearen joera da prekarietatea soldata eskasarekin bakarrik lotzea, eta ez gainerako lan baldintzekin: presaren ondoriozko estresa, eskaerak bete ahal izateko errepideko abiadura, azken momentuko lan orduak...". Euskal Herrian gazte ugari daude kasu horietan, ordea. Ernaik, baina, bizitza erdigunean jarriko duten baldintzak eskatu ditu.

Horretarako, herri mobilizazioa ezinbestekotzat jo du eta gaur, hilak 12, Bilboko Gazte Prekarioen Asanbladak (Eragin Bilbok) deitu duen elkarretaratzean parte hartzera deitu ditu herritarrak. Kontzentrazioa 19:00etan izango da Prekaritateak hiltzen gaitu lelopean Abandoko Burger King saltokiaren aurrean.

 

Iturria: topatu.eus