PPk atzera egin arren, Goazen Bilbao taldeak Zumalakarregi kale-izendegitik kentzeko eskatuko du

uriola.eus 2017ko urt. 12a, 13:08

Argazkia: goazenbilbao.wordpress.com

1835ean Bilbo sitiatzeko agindua eman zuen pertsona izateagatik, Zumalakarregi etorbidearen izena aldatzeko proposamena aurkeztuko du Goazen Bilbao taldeak urtarrileko Udalbatzarrean. 

"Zentzugabekeria" da Goazen Bilbaoko ordezkarien aburuz "gure hiria sitiatu eta bonbardatzeko agindua eman zuen militarraren izena izatea" kale batek. 

Ulertzen dute zinegotziek izena aldatzen duten kaleetan bizi diren hiritarrei sortzen zaien traba, besteak beste, argindar eta ur fakturetan zuzenbidea aldatu behar dutelako, edota nortasun agirian. Baina Goazen Bilbaoko taldekideek uste dute "beharrezkoa dela historia ordainetan hartzeko": "Edo inork uste al du Londresen Adolf Hitlerren izena duen kalerik egon daitekeenik?", galdera eginez amaitzen da Goazen Bilbaoren eskariaren azalpena.

Taldeak, bere webgunean, Tomas Zumalakarregiren eta Adolf Hitlerren argazkiak elkarren ondoan jarri ditu. 

 

 

PPk baztertu du Arana, Ibarruri eta Zumalakarregi izenak kale-izendegitik kentzeko eskaria

Eskaria iragarri duen egun berean baztertu du Bilboko Udaleko PPko taldeak. Proposamenaren muina "kaleen izenak ezabatzeko erabiltzen den neurriaren inguruan hausnarketa egitea" zela argudiatu dute popularrek, eta "ez sortu den polemika eragitea". Erabilitako argudioek, ordea, polemika ez ezik gaitzespen zabala eragin dute.