Milaka hatz salatzailek bihar arratsaldean Bilbo erdiguneko kaleak bete aurretik azken ohar batzuk eman ditu gaur Sare dinamika herritarrak. Baikor hitz egin dute Bego Atxa eta Joseba Azkarraga eledunek "aurreikuspen oso onak" dauzkatela-eta. Iaz baino autobus gehiago lotu dituzte tokian tokiko lantaldeek Sare-k deitutako manifestazioan parte hartzeko pertsonak ekarri eta eramateko. Kopuru handia ez ezik partaideen aniztasuna ere handia dela nabarmendu nahi izan dute. "Aurten, aurpegi eta sentsibilitate berriak gehitzea lortu dugu", aipatu du Bego Atxak.
"Tamalez", erantsi du, "badira batzuk bere hutsegitea arrazoitzeko", Sare-ren deialdiaren izaera zabala zalantzan ipini dutenak. Horiei zuzendu zaizkie Atxa eta Azkarraga, esanez, pankartaren osaketari begiratzeko: "Lan alor ezberdinetatik deialdiarekiko babesa adierazi duten 100 pertsonen izaerak, nahikoa behar lukete, Sare-ren eta bere ekimenen izaera zalantzan ez ipintzeko era etengabean".
Biharko martxa "euskal jendartea bezain zabal eta ezberdina" izango dela iragarri dute. Besteak beste, pankartari eusten izango dira Edurne Brouard GALen biktima, Rosa Rodero ETAre biktima, Gentzane Callejo Jagoba Codo larriki gaixo dagoen presoaren senidea, Mertxe Galdos eta Juan Mari Olano preso ohiak, Elisabete Bizkarraleorra abokatua, Unai Iturriaga eta Alaia Martin bertsolariak, Xabier Morras margolaria, Alice Leiciaguezahar Bagoaz-eko kidea eta Ramon Zallo EHUko Komunikazio katedraduna.
Errespetua Sare-rentzat
"Errespetua" eskatu diete Sare herri dinamikako kideek biharko deialdia "aukera politiko zehatz batekin" lotzen dutenei. "Ondo legoke", Sare-n "ideologia eta alderdikerien gainetik, giza eskubidearen, konponbidearen eta bakearen inguruan urratsak emate aldera lanean ari garenoi, errespetu pixkat izango baligute", adierazi dute Bego Atxak eta Joseba Azkarragak. Horrela isilarazi nahi izan dituzte biharko manifestazioaren atzean ezker abertzalea dagoela dioten ahotsak. "Sare da antolatzailea, eta euskal jendartea da Bilboko kaleak gainezka jartzera aterako dena. Guzti honegatik, euskal jendartea aski heldua da, ideologiez gaindi, biharko zitaren garrantziaz jabetzeko, aurrera egin nahi dugun guztiontzat behinik behin".
Urtarrilak 14
Eguneko egitarauari dagokionez, 10:00etatik eguerdira arte informazio puntu nagusia martxan izango da Adaxka tabernan, Ronda kaleko 29an. Ordu horretan ere, informazio puntu ezberdinak aurkitu ahal izango dira sarekide eta bazkide egiteko, Dispertsioaren liburuxka lortzeko, Sare dinamikaren materiala erosteko...
Eguerdian hasiko dira ekimen desberdinak Bilboko Alde Zaharrean zehar: txistulariak, bertsolariak, trikitilariak, Sare Kantari...
11:00etan Zamudioko Atarian eguneko lehen adierazpenak eskainiko ditu Sarek.
Alde Zaharrean, egun osoan zehar salaketa egin ahal izateko aukera ezberdinak izango dituzte herritarrek.
Antolaketan 700 bat bolondres ariko dira lanean.
Manifestazioa 17:30ean hasiko da La Casillatik Euskal presoak Euskal Herrira! Derechos humanos, Resolución, Paz goiburuarekin. Udaletxean amaituko da martxa. Amaierako ekitaldian Kepa Junkerak eta Sorginak parte hartuko dute eta Nerea Alias eta Andoni Aizpuru telebistako aurkezleek irakurriko dute Sare-ren agiria.
11TBk zuzenean eskainko du manifestazioa 17:00etatik aurrera hasiko den programa bereziaren baitan.
Bihar Bilbon egon ezin dutenek Sareren salaketarekin bat egiteko eta ekarpen ekonomikoa egiteko aukera izango dute 'Salatzen dut' hatz digitala eskuratuz dinamika herritarraren webgunearen bitartez.
[2017-01-10] Sareren arabera, 2017a "desblokeoaren urte erabakiorra" izango da bakea lortzeko bidean