Legebiltzarretako gehiengo berriei urrats zehatz eta erabaki argiak eskatuko dizkie Sare-k

uriola.eus 2017ko urt. 16a, 12:47

Sare dinamikako kide Bego Atxa eta Joseba Azkarraga

Sare dinamikako ordezkarien esanetan, joan den larunbateko manifestazioan Bilbon parte hartu zuten milaka lagunek, duela bost urte ETAk bere ekinbidea utzi zuenetik, "konpondu gabe dauden egin beharretan aurrera egiten jarraitzeko beharra adierazi dute". Aurrerabidean, alderdi eta instituzio guztiekin elkarrizketak abiaraziko ditu Sare-k Gasteiz, Iruñea eta Madrileko legebiltzarretan osaturiko "gehiengo berriek bestelako jokabideei aukerak zabaltzen dizkietelako". 

2017a "desblokeoarekin amaitzeko urtea" izan dadin, "giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen bidean" bultza egiteko konpromisoa hartu du Sare dinamikak. Gaur, Bego Atxa eta Joseba Azkarragak Sare lantaldeko kideen hurrengo pausoak iragarri dituzte. Eragile politiko eta instituzionalekin bilduko dira konpromiso zehatzak eta erabaki argiak eskatu asmoz. ETAren ekinbidearen amaieratik "hainbeste urte pasa ondoren", egoerak, "adierazpenetatik parlamentuetara eraman ahalko diren formulazio politiko eta juridiko zehatzak bilatzera igarotzea" eskatzen duelako.

Gasteiz, Iruñea eta Madrileko legebiltzarretan osaturiko gehiengo berriek "bestelako jokabideei aukerak zabaltzen dizkiete", Azkarragaren esanetan. "Iritzia adierazten duten ekimenetatik, gobernuak derrigorrez bete beharreko konpromisoak adieraziko dituzten ekimenetara", jauzia eman behar dela uste du Sare-k. "Eta bereziki Espainiako Gobernuak bete beharrekoak", azpimarratu ditu.

Espainiako Gobernuaren jokabide aldaketa eragiteko, "indar batuketa" funtsezkoa dela defendatu dute Atxak eta Azkarragak: "Azkenaldian, espetxe politika honen aurkako espainiar legebiltzarreko indar politiko ezberdinen ahotsak entzun ahal izan ditugu, eta guzti hauen batuketak, gehiengoa osatu ahal dute. Beraz, iritsi da ordua, espainiar Gobernua, hainbeste sufrimenduri eta euskal presoen eskubide urraketei amaiera ematera behartu ahal izateko moduko konpromisoak hartzekoa".

Sare-rentzat "urrats zehatzagoak emateko unea" hasi da eta, zentzu horretan, kokatzen ditu datozen hilabeteetan egingo duen Batzar Orokorra eta alderdi eta instituzio guztiekin hasiko duen elkarrizketa erronda. 

 

[2017-01-14] "Hau da Paris eta Madrilgo gobernuetako azken bulegora arte iristea nahi dugun irudia"

[2017-01-14] ARGAZKI ERREPORTAJEA: Milaka lagunek salatu dute dispertsioa

[2017-01-14] Eragileen adierazpenak Bilboko manifestazioaren aurretik