Zuluetaren isolamenduarekin amaitzeko konpromisoa hartu dute A Casa kolektibo argentinarreko kideek

uriola.eus 2017ko urt. 18a, 08:20

Argazkia: Arantza SOS

Ondotxo ezagutzen dituzte kartzela erregimenaren eragin eta ondorioak A Casa kolektibo argentinarreko kideek. Kartzela Kalera! jardunaldian parte hartu dute Mirta Fabrere psikoanalistak eta Susana Etchegoyen medikuak urteetan ikusi eta ikasitakoa konpartituz. Bi adituek Arantza Zuluetaren isolamendu egoeraren berri jakin dute Arantza SOS kolektiboaren bitartez, eta konpromisoa agertu dute Zuluetaren egoera eremu politiko eta juridiko ezberdinetara eramateko, salaketa zabaltzeko eta atxikimenduak biltzen saiatzeko.

A Casa kolektiboko kide dira Mirta Fabrere psikoanalista eta Susana Etchegoyen medikua. Kolektiboa euskal diasporaren baitan jaio zen, eta beste hainbat kolektiborekin batera, adibidez Encuentro de Profesionales contra la Torturarekin batera, hainbat salaketa bultzatu ditu torturaren praktikaren aurka Argentinako Auzitegi Nazionaleko "medikuen jarrera konplizea" mahai gainean jartzeko edota Ibon Iparragirre presoaren egoera salatzeko.

Mirta Fabresek, psikoanalista bezala, preso ohien eta desagerpen zelaietan izandako pertsonen eta beraien familien tratamenduan lan egin du. Susana Etchegoyen, diputatu ohia izateaz gain, medikua eta Farmakologia eta Terapeutika unitatearen arduraduna da Posadas ospitalean eta irakaslea Buenos Aireseko unibertsitate nazionalaren.

GITE-IPES elkarteak gonbidatuta parte hartu dute Fabrere eta Etchegoyenek Kartzela Kalera! jardunaldian. 

 

Konpromisoa

Jardunaldian parte hartu aurretik batzartu ziren atzo Fabrere eta Etchegoyen Arantza SOS plataformako kideekin. Alfonso Zenon abokatuarekin eta Aitziber Sagarminagarekin, hain zuzen ere. Bileran, Arantza Zuluetaren egoerari buruzko hainbat informazio eman zieten, "ahaztu gabe isolamendu egoera iraunkorra pairatzen duten beste presoena, Harriet Iragi kasu", besteak beste, Zuluetaren egoera biltzen duen txostena edota plataformak burutu dituen ekimenen eta bileren datuak.

Fabrere eta Etchegoyenek konpromiso irmoa hartu dute Arantza Zuluetaren isolamendu kasua eremu politiko eta juridiko ezberdinetara eramateko, salaketa zabaltzeko eta atxikimenduak biltzen saiatzeko.

 

Jardunaldia

Bihar, osteguna, hilak 19, Noiztik, zergaitik eta zertarako? Una mirada a los origenes de las prisiones y el castigo izenburupean, Kartzela Kalera! jardunaldiaren baitan mahai inguru nagusia izango da La Bolsan. 19:00etan hasiko den eztabaidagune horretan, Elisabet Almeda eta Alejandro Forero Bartzelonako Unibertsitateko bi irakasle eta aditu izango dira gonbidatuak. Elisabet Almeda eta Alejanda Forero.

Almedak, kartzela, zigor eredu bezala, emakumezkoen begiradatik aztertuko du. Izan ere bere ikerketa eta lan ildo nagusiena, emakumearen ikuspuntutik espetxe-zigorra betearazteko sistemak –gizarte kontrola,  emakumezkoen delituak, emakumezkoen espetxeak– gaiekin lotutakoak dira, besteak beste. 

Forero aldiz, Bartzelonako Unibertsitateko Giza Eskubideen eta Zigor Sistemaren Behatokiko ikertzailea da. Soziologian doktore, kartzelaren izera historikoan eta kriminologia kritikoan da aditua. Kartzelaren jatorri historikoaz aritzeaz gain, bere ikerketak eta lanak espetxearen kontrol eta perspektiba kritikoaren begiradatik egin ditu, kartzelak gizarteko talde jakin batzuengan duen eraginaz.

 

[2017-01-17] 'Isolamendua kartzelan, tortura isila'