2020ko Eurocopan euskal selekzioak jokatzeko eskakizuna zabaldu dute

uriola.eus 2017ko urt. 19a, 15:50

Euskal Selekzioa - Venezuela, 2010 (Argazkia: Azkue Fundazioa)

Euskal selekzioek "bizi duten egoeraren aurrean", hainbat herritarrek sinadurak biltzeari ekin diote, besteak beste, UEFAri eskatzeko "Euskal Herriko futbol selekzioari betoa kentzea eta 2020. urteko Eurokopako sailkapen fasean parte hartzen uztea", FIFAren estatutuetako 10.6 artikulua aplikatuz.

Egoitz Askasibar San Inazioko auzotarrak jarri du martxan sinadura bilketa Change.org atarian. Askasibarrek ez du zalantzarik Bilbo UEFA Euro 2020rako "egoitza ona" izango dela. Baina uste du "hobea izango litzatekela euskal selekzioak parte hartu ahal izango balu".

Eusko Legebiltzarraren gehiengoak horrela eskatu du, alderdi nagusiek, mugimendu sozialek eta kirol taldeek eta jokalari askok babestuta, "gizartearen hein handi batek bezala hainbat inkestek erakutsi duten moduan".

UEFAren barnean badaude Estatu bat ordezkatzen ez duten federazioak. Horrela gertatu izan da Ingalaterrarekin, Galesekin, Eskoziarekin edo Ipar Irlandarekin. Baita ere, geroago, Gibraltar edo Faroe Uharteekin. "Hor dago, baita ere, Kosovoren kasua", aipatzen du Askasibarrek. 

Hori dela eta, "Euskal Selekzioari gaur egun ezarri zaion betoa kentzea" eskatu dute, baita ere, UEFAn "eskubide osoko kide izaten uztea". Horrela, esaterako, "UEFA Euro 2020ko anfitrioi lana egin genezake", eta Europako futbolak "maila handiko selekzioa eta zaleak lortuko lituzke".

Hiru egunetan 4.000 lagunek babestu dute eskaera euren sinadurarekin.