Udalbatzak elkartasuna adierazi dio Arantza Zuluetari, eta isolamendutik ateratzea eskatu du

uriola.eus 2017ko urt. 27a, 13:54

Ohi bezala, hileroko Udalbatzarreko Osoko bilkuran hainbat gai jorratu dira. Besteak beste, Arantza Zulueta preso bilbotarraren egoera, ikasteko espazio falta edota 2020ko Eurocopan euskal federazioek jokatzeko aukera. 

Minutuko isilunearekin hasi zuten Bilboko Udaleko zinegotziek urtarrileko Udalbatzako sesioa Bilbo Garbi enpresako garbiketako ibilgailu batek harrapatuta asteazkenean hil zen Arantza Gallastegi gogoan. Bere heriotzaren arrazoiak ikertzeko Udaltzaingoa osatzen ari den txosteneko xehetasunak emango dituzte udal ordezkariek hurrengo astelehenean agerraldi batean.

Herritarren proposamenen txandan, Arantza SOS plataformako Lola Gomez kideak Arantza Zulueta preso bilbotarrak isolamenduan bizi duen "muturreko egoeraren" berri eman zien zinegotziei. Udalbatzak, PP izan ezik, elkartasuna adierazi dio Arantza Zuluetari, eta isolamendutik ateratzea eskatu dio Instituciones Penitenciarias erakundeari. Hain zuzen ere, Zuluetak "espetxean bizi duen egoera azter dezala eta bertako administrazioak erabilitako praktikak zuzenbidearekin eta giza eskubideekin bat datozela berma dezala". Ildo berean, bizkortasunez jarduteko eskaerarekin bat egin du Udalbatzak "ahozko ikustaldirako deia egin dezala ahalik eta azkarren, salbuespenezko behin-behineko espetxeratze neurriari amaiera emateko". Izan ere, Zuluetari talde armatuko kide izatea leporatzen badiote ere, ez dute inoiz gertaera horregatik ez zigortu ez epaitu. Preso daramatzan hiru urtetan modulu berezi batean dute, isolamendu galeria batean. Erregimen hau luzaroan aplikatzea "legez kanpokoa" dela salatu du Arantza SOS plataformako Lola Gomezen hitzetan. 

Egun osoan zehar aurkeztu ziren mozioen artean, onartutako proposomenetako bat da hiriko ikaslegetako zerbitzua zabaltzea hainbat ikasleren kexaren ostean. Udalbatzak Udal Gobernuari eskatuko dio ikasgelak 24 orduz irekita izateko konpromisoa betetzeko.

2020an, besteak beste, San Mames zelaian jokatuko den Eurocopa dela eta, EH Bilduren proposamenari EAJk eginiko zuzenketa onartu du Udalbatzak, PSE eta PPren aurkako botoekin. Ondorioz, Espainiako eta nazioarteko federazioei eskatuko die Udalbatzak "baimena eman diezaietela euskal federazioei nazioarteko txapelketa ofizialetan parte hartzeko".