"Demokraziaren aldarria lau hiriburutatik lau haizetara" zabaltzeko deia egingo du GEDk

uriola.eus 2017ko urt. 30a, 12:13
Argazkia: Gure Esku Dago

Astebete barru galdeketa bat epaituko dute, Kataluniaren etorkizunari buruzko galdeketa bat, hain zuzen ere, 2014ko azaroaren 9an egindakoa, non bi milioitik gora lagunek parte hartu zuten. "Kataluniari elkartasun demokratikoa" adierazi asmoz, Gure Esku Dago (GED) egitasmoak hego Euskal Herriko lau hiriburutan mobilizazioak deitu ditu igandean. Bilbon, eguerdian, Arriaga plazan izango da. 

2014ko azaroaren 9ko aldeketaren ​​antolaketan izandako parte-hartzeagatik, orduko Generalitateko lehendakari Artur Mas eta orduko hiru kontseilari eraman dituzte akusatuen aulkira, auzibidean dauden beste hainbat arduradun politikoren artean. Baina otsailaren 6an ez dituzte soilik Generalitateko arduradun batzuk epaituko. "Galdeketa hura egiteko herri borondatea ere epaituko dute, baita galdeketa hartan era batera edo bestera parte hartu zuten bi milioitik gora herritarrak ere", gaur Gure Esku Dago egitasmoko eledun Angel Oiarbidek eta Zelaik Nikolasek esan dutenez. 

"Traba, oztopo eta jazarpen judizial hauen guztien aurrean", Gure Esku Dagok (GED) elkartasuna eta babesa adierazi dio Kataluniari. Helburu horrekin, euskal herritarrei dei egin diete otsailaren 5ean, datorren igandean, parte har dezaten Euskal Herriko hegoaldeko lau hiriburuetan egingo dituzten mobilizazioetan. "Ez dugu lelo berririk asmatu; hitz bakar batekin erantzungo dugu: Demokrazia". 

Oiarbidek aurreratu duenez, "demokraziaren aldarria lau hiriburutatik lau haizetara zabalduko dugu. Hori baita gure dinamikaren oinarria, herritarron eskubideen bermea, edozein herriren zutabea". Datozen hilabeteetan 110etik gora herritan galdeketak egingo dituzte, "ariketa demokratikoak, etorkizuna erabakitzeko". Gure Esku Dago egitasmoak galdeketen bidea "irmoki defendatzen eta jorratzen" jarraituko du Euskal Herrian. "Kataluniari bere etorkizuna erabakitzeko jartzen ari diren trabak euskaldunon kontra ere erabili ditzakete etorkizunean. Eta gaurtik argi utzi nahi dugu ez dugula onartuko herritarrei hautetsontziak jartzeagatik inor auzipetu eta epaitzea. Ez Euskal Herrian, ez Katalunian, ez inon". 

 

Mobilizazioak

Datorren igandean "demokrazia hitza hiriburuen erdigunean" kokatzea dute xede Gure Esku Dago dinamikako kideek. Hori dela eta, dei egiten diete herritarrei bat egin dezaten "guztiona den aldarri honekin". Eskatu dute herritar bakoitzak gutunazal bat eraman dezala; "herritarron bozka, erabakia eta hitza sinbolizatuko duen botopapera. Indarrak batuz, Kataluniari elkartasun demokratikoa adieraztera goaz eta, era berean, gure eskubideen oinarria hauspotzera. Demokrazian sakonduz soilik eraikiko baitugu etorkizun hobe bat". 

Otsailaren 5ean, igandean, 12:00etan izango da hitzordua. Bilbon, Arriaga plazan.