Ricardo Barkala Obra, Zerbitzu, Hiri Eraberritze eta Espazio Publikoaren Saileko zinegotziak, berak Bilboko Udalari eskatuta, agerraldia eskaini du gaur Udaletxean. Aurreko astean Deustuko Done Petri plazan pertsona baten heriotza eragin zuen harrapaketa dela eta, kale-garbigailuen funtzionamendua azaldu nahi izan du Barkalak. "Nahigabez" hartu ditu "istripua" eta Deustuko auzotarraren heriotza zinegotziak. Udaltzaingoaren ikerketa txosteneko ondorioak ezagutu arte, itxarotearen alde agertu da.
Duela 30 urtetik erabiltzen ditu Udalak kale-garbigailuak Bilbon, eta "orain arte ez da horrelako istripurik jazo", Barkalaren esanetan. "Sustoak" izan dira orain arteko jazoerak. 2014tik gaur arte dozena bat kexa baino ez dira heldu Udalera. Eta gehienak "zaratagatik".
Bilbon ia bi milioi metro karratu garbitzen dira egunero, %50 garbiketa mekanikoaren bidez eta gainerako %50a eskuz. Barkalak kale-garbigailuen eraginkortasuna azpimarratu du: "Garbiketa mekanikoak eskuzkoaren lau halako garbitzen du, egunero 6.000 kilo hauts jasota. Lan hori ezinezkoa litzateke eskuz egitea".
Gaur egun zerbitzu honek 216 langile ditu; horietako 3,2 kale-garbigailuekin ari dira. Horrek esan nahi du hiri-garbiketan egunero ari den kolektiboko plantilaren ia %15 kale-garbigailuen gidaria dela. Ohiko dispositiboan 22 ekipo aritzen dira lanean goizez eta 10 arratsaldez eta kale-garbigailuak eskuilak jaitsita doazenean oinezkoen alderdietatik euren abiadura ez da orduko 5 kilometrora iristen.
Sailak zerbitzuaren ordutegia, ibilbideak eta makina motak aztertuko ditu epe laburrean "zerbitzu hobea eskaintzeko". Horrezaz gain, prestakuntza eta kontzientziazio arloko ekintzak programatuko dira ibilgailuetako langileentzat, "bide eta espaloietako segurtasuna areagotzeko". Besteak beste, ibilgailuak zuzen gidatzeko informazioa banatuko diete langileei. Neurriak neurri, "zero arrisku ez dela existitzen", gaineratu du Barkalak.
Azterlanaren arabera erabakiko du Udalak garbiketako zerbitzua berregituratu edo dagoen horretan utzi. Udalak kale-garbigailuak erabiltzearen aldeko apustua egiten jarraituko du, nahiz "segurtasuna lehenetsiko duen" beste irizpideen gainetik.