Agerraldian, urtarrilaren 14ko manifestazioan lortutako dirua biltzeaz arduratu ziren pertsonetako batzuk -Elisabete Bizkarralegorra, Felix Cañada eta Iñaki Zubiri- egon dira. Haiek azaldu dutenez, guztira, 43.930,23 euro batu ziren urtarrilaren 14ko protesta erraldoian; horietako 15.000€ 2015eko inprenta gastuetarako erabili dira; 3.160,52€ soinu gastuetarako; 1.682,07€ 2017ko inprenta gastuetarako; 343,64€ karpen alokairurako; 1.612,69€ produkzio gastuetarako; 3.785,56€ soinu gastuetarako; eta 17.500€ langileen soldata eta egoitzak eragiten dituen gastuetarako. Gauzak horrela, aurten lortutako diruarekin 2017ko gastuei aurre egin dietela azaldu dute baina oraindik, 2015etik dinamika herritar honek duen zorra kitatu gabe dagoela gogorarazi dute.
Aurten, iaz baino jende gehiago egonda ere, diru gutxiago eskuratu dute, euriagatik edota berriz ere Guardia Zibilak dirua bahitzeari dioten beldurragatik izan daitekeela plazaratu dute. Izan ere, 2015eko urtarrilaren 12an, Auzitegi Nazionalaren aginduz, Guardia Zibilak presoen aldeko manifestazio erraldoian eskuratutako 104.000€ bahitu zituen LAB sindikatuaren egoitzan. Egun, 50.000 €ko zorrarekin jarraitzen du Sarek.
Joseba Azkarragak adierazi duenez, otsailaren 23an, Auzitegi Nazionalak aztertu egingo du Sarek dirua bueltatzea eskatzeko jarritako helegitea. Auzitegiaren aldetik ezezkoa jasoz gero, Azkarragak argi esan du "herritarren esku" egongo dela Sareren etorkizuna.