Kaskagorrik bakean uzteko eskatu dio Auzitegi Nazionalari

uriola.eus 2017ko ots. 3a, 08:44

Argazkia: Kaskagorri konpartsa

2009ko Aste Nagusian ETArekin lotutako argazkiak eta leloak txosnan erakusteagatik Kaskagorriko sei konpartsakideren aurkako auzia berriro zabaltzea erabaki du Auzitegi Nazionalak nahikoa zantzu badaudela ebatzita. 

Dignidad y Justicia erakundeko Daniel Portelak aurkeztutako helegiteak zabaldu dio bidea 2016ko azaroan Auzitegi Nazionaleko Ismael Moreno instrukzio epaileak behin-behinean artxibatu zuen auziari. Orduan Morenok ebatzi zuen Kaskagorri konpartsako sei kideri ezin zitzaiela leporatu ETArekin lotutako argazkiak eta leloak erakustea. 

2009ko Aste Nagusian Polizia Areatzako jaigunean sartu zen, eta Kaskagorriren txosnan zeuden lagunei euskal presoen argazkiak kentzeko agindu zien. Konpartsakideek uko egin zioten agindua betetzeari. 

Orain, Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoko Hirugarren Sekzioaren buru Alfonso Guevara da kasua berriro zabaltzeko agindua eman duena sei konpartsakideen aurkako eta konpartsaren atzean dagoen Adaska elkartearen aurkako nahikoa zantzu badaudela ebatzita. Dignidad y Justicia erakundeko presidenteak aurkeztutako helegitean oinarritu da Guevara epailea auziaren irekiera agintzeko. 

 

Gurekin jai!

Albistea ezagutu bezain pronto, Kaskagorrik bere Twitter kontuan (@kskgorri) "utzi Bilboko gazte errebeldeon konpartsa bakean" mezua zabaldu du. Konpartsaren ikur den Asterix galiar borrokalaria mihia ateratzen irudikatu du eta "gurekin jai" esaten.