Martxan dira 2018ko Ekonomia Sozialaren Foro Globala prestatzeko lanak

uriola.eus 2017ko ots. 6a, 08:35

Bilbon egingo den 2018ko Ekonomia Sozialaren Foro Globalaren IV. edizioa prestatzeko lanak direla-eta gaur bildu dira Lawrence Kwark, organismo horretako idazkari nagusia eta Xabier Ochandiano, Udaleko Ekonomi Garapen, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzia. 2018ko udagoienean Euskalduna Jauregian egingo den garrantzi handiko foro honen IV. edizioko oinarriak finkatu dituzte.

Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Arrasateko Udalaren eta Bilboko hautagaitza bultzatu zuten hirugarren sektorearen eta ekonomia sozialaren ordezkariekin ere bildu da gaur Lawrence Kwuark. Ekonomia Sozialaren Foro Globalaren IV. edizioa egiteko Bizkaiko hiriburua aukeratu izanak argi uzten du erakundeen arteko elkarlana eta lankidetza publiko eta pribatuaren eta hirugarren sektorearekin harreman positiboak eta finkoak edukitzearen balioa

Bilbo, ekonomia sozialaren erreferentea nazioarte mailan

Bilbo izendatu dute foroaren hurrengo egoitza izan dadin, eta, horrekin, mundu mailako erreferentziazko sareari gaineratu zaio gizarte ekonomiaren eremuan, Seulekin eta Montrealekin batera, horiexek izan baitira aurreko hiru edizioetako egoitzak. Foro hau lehenengoz egingo da Europan eta, horrek, leba handiko bermea ematen dio gizartearen premiak aintzat hartzen dituen enpresa-ereduarekin lotutako politikak bultzatzeko Udalak hartua duen konpromisoari.

Izan ere, Bizkaiko hiriburuak jarduteko ardatz nagusien artean dauka hiri inklusibo eta integratzaileenei lotutako gizarte ekonomiako politiketan buru izatea, sustraitutako sen ekintzailearekin eta tradizioarekin eta enpleguarekin, erantzukizunarekin, parte-hartzearekin eta lan-eremua demokratizatzearekin hartua duen konpromisoarekin bat etorrita.

Hirian nazioarteko proiekzioa duten ekimen politikoak, kulturalak eta kirol eremukoak hartzeko unean pizten den interesa berresten du foro hau egiteak.

Ekonomia Sozialaren Foro Globala

Global Social Economy Forum (GSEF) nazioarteko elkartea da, eta horren kide dira gizarte ekonomia solidarioa garatzearekiko konpromisoa hartu duten tokiko gobernuak eta gizarte zibileko eragileak. Gizarte ekonomia solidarioko erakundeen eta tokiko gobernuen artean hitzarmenak egitea errazteko asmoz sortu zen, bai kalitatezko enplegua eta hazkunde parekidea sortzea sustatzeko xedez, bai demokrazia parte-hartzaileak eta garapen iraunkorrak aurrera egiteko xedez.

Ekonomia Sozialaren Foro Globaleko (GSEF2016) eskubide osoko kidea da Bilbo. Titulu hori ekonomia sozial eta solidarioaren sareko kideentzat eta tokiko gobernuentzat gordeta dago, eta biltzarrean bozkatzeko eskubidea ematen du. 2015eko abenduan sareko kide bilakatu zen Bilbo, ohorezko batzordeko kide gisa; 2016ko ekainaz geroztik, ordea, eskubide osoko kidea da.