2014ko otsailaren 6an 15 pertsona hil ziren Ceutako mugako uretan itota, Guardia Zibilak lurraldean sartzea eragozteko jaurtitako gomazko pilota eta gas negar-eragileen ondorioz. Hilketa eta lesioen ardura 16 agenteri leporatu zitzaien arren, kasua artxibatua izan zen, epaiak gertaerako irudiak baztertu eta biktimak erantzule jo zituenean.
Ongi Etorri Errefuxiatuak Plataformak (OEE) "miseria, desesperazioa eta heriotza eragiten duten" migrazio-politika guztiak "iraul daitezen" eskatu du, Giza Eskubideen Adierazpenean eta Nazioarteko Itunean Immigrazio, Asilo eta Babes arloan ezarritako xedapenak errespeta daitezen. Otsailaren 4an Areatzako hondartzan performance bat antolatu zuten, eta astelehenean Plaza Biribiletik Espainiako Gobernuaren delegazioraino manifestazioa deitu zuten Ongi Etorri Errefuxiatuak Plataformako kideek, Kaia, Errefuxiatuen Alde eta Refusat eragileekin batera. "Zigorrik gabeko 15 hilketa" lelopean, Tarajaleko biktimak omendu eta 2016an Mediterraneo Itsasoan desagerturiko 5.000tik gorako lagunak gogoratu dituzte.
Aldi berean, OEEko 13 aktibista Ceutan izan ziren asteburuan Tarajaleko Duintasunaren Martxan parte hartzeko. “Pertsona guztiontzako giza eskubideak” eta “mugak desmilitarizatzea” eskatu zuten, mugetan heriotza gehiago gertatu ez daitezen.
Gizarte mobilizazioei esker eta hiru gizarte-erakunderen (CEAR, Auzoen Koordinakundea eta Obsevatori DESC) apelazio-errekurtsoari esker, Ceutako Auzitegiak ikerketa berrabiatzeko agindua eman du Tarajaleko kasua argitu dadin.
[2017-02-06] Tarajal hondartzako "15 hilketak" gogoratzeko eta gaitzesteko manifestazioa egingo dute