Dispertsioak asteburuan eragindako bi istripuak gaitzesteko elkarretaratzea deitu dute bihar Arriagan

uriola.eus 2017ko ots. 13a, 10:00

Etxeratek dispertsioak eragindako azken istripuak salatzeko elkarretaratzeak deitu ditu hiriburuetan. Bilboko hitzordua bihar, otsailak 14, asteartea, izango da 19:00etan Arriagako plazan.

Jaengo espetxera bisitara zihoazela istripua izan zuten larunbatean Premin San Pedro Arrasateko presoaren guraso eta bi anaiek Aranda de Duero inguruan. Aurrean zuten kamioiari gurpila lehertu zitzaion eta horren zati baten aurka jo zuten kotxearekin. Etxeraten esanetan, "kalte arinak" izan zituen autoak eta bisitarako bidearekin jarraitu ahal izan zuten.

Baina ez zen izan asteburuko istripu bakarra San Pedroren senideena. Sevillan, etxetik 882 kilometroetara preso dagoen Iñaki Arakamaren ilobak, bere mutil-lagunak eta hirugarren lagun batek auto istripua jasan zuten larunbatean ere, arratsaldeko 18:00etan, Bejaren, Salamancan, bisita egin eta etxera bueltarako bidaian. 

Autobidean txakur bat harrapatu ondoren, bolante-kolpeak jo behar izan zituzten kotxea bidetik ez ateratzearren eta, azkenik, hesia kolpatu ostean kotxea gelditzea lortu zuten. Kolpe-leungailu eta ezkerreko argiak apurtu zitzaizkien, eta etxerako bideari ekin zioten jarraian.

"Bisitatzeko eskubidea bermatzearren, bidaia luze bezain arriskutsuak egitera behartzen gaituzte" salatu du Etxerat elkarteak gogora ekarriz, dagoeneko 16 lagunek galdu dutela bizitza “espetxeetarako nahitaezko bidaia luzeetan”.