EAEn "gizarte-babesa indartzeko", jarrera aldaketa eskatu diote Eusko Jaurlaritzari

uriola.eus 2017ko ots. 13a, 12:03

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du Kontsumoko Prezioaren Indizearen (KPI) arabera gaurkotuko duela Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE), eta ez Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren (LGS) igoeraren arabera. Horren aurrean, sindikatuek, gizarte-kolektiboek eta Ekain gizarteratzearen aldeko sareak eskatu diote "erabaki hori bertan behera uzteko eta DBEri dagozkion diru kopuruak LGSaren igoeraren arabera igotzeko". 

Eusko Jaurlaritzak berak egindako ikerketa batzuek diotenez, pobrezia, bazterketa eta hilabete amaierara heltzeko zailtasunak handitu egin dira krisia hasi zenetik, lanean ari direnentzat zein langabezian daudenentzat; besteak beste, gizarte-prestazioak murrizteko politikaren ondorioz. "Erabaki politiko horrek ondorio larria dakar pertsonentzat", gaur sindikatuek, gizarte-kolektiboek eta Ekain gizarteratzearen aldeko sareak adierazi dutenez: "Ez zaizkie gutxieneko diru-sarrerak bermatzen, eta ez zaie aukerarik ematen bizitza apur bat duinagoa izateko". 

Bestalde, azpimarratu dute DBEak "ez duela geldiarazten pertsonek lana bilatzea". Gaur egun, DBEa jasotzen duten pertsona guztien %19,5 –hots, 12.750 pertsona– lanean ari da, eta beren lanaren truke jasotzen dituzten "soldata baxuen osagarri da" DBEa. Beste 16.215 (hots, %24,8) pentsiodunak dira, eta, hortaz, ez daude lan egiteko adinean. 

Gaur egun, Lanbidek 2016ko abenduan emandako datuen arabera, 136.173 pertsona daude langabezian; eta 274.324 pertsona lan bila dabiltza. Hori guztia kontuan hartuta, "ezin dugu pentsatu lana denik aberastasunaren banaketa eta gizartearen kohesioa bermatzeko elementu bakarra. Gaur egun, lana edukitzeak ez du diru-sarrerarik ziurtatzen; horregatik, inoiz baino beharrezkoagoa da gizarte-babesa indartzea, diru-sarrerarik ez duten pertsonek gutxieneko soldata bat izan dezaten eta gizarteak nolabaiteko kohesioa izaten jarrai dezan". 

Argiro azaldu dute sindikatuek, gizarte-kolektiboek eta Ekain gizarteratzearen aldeko sareak "ez dela bidezkoa, ez eta etikoa ere, gehien pobretu diren pertsonen eskubideak murriztea eta haien bizi-baldintzak okerragotzea bizi dugun egoera honetan". 

Hori dela eta, egin dute publiko gaur La Bolsa eraikinean Euskadiko gizarte-babesa indartzeko eskaera, eta, hortaz, "lanbide arteko gutxieneko soldata igo den ehuneko berean igo dadila DBEa ere 2017an". Horrez gain, Lanbidek kudeatutako prestazioetako diru kopuruetan azken bost urtean izan den murrizketa (%7) desagerrarazteko eskatu dute, besteak beste, hurrengo prestazioetan: enplegu-pizgarriak, diru-sarrerak bermatzeko errenta, pentsio-osagarria eta etxebizitzarako prestazio osagarria.

 

Eskaria babesten dute

► Ekain, gizarteratzearen aldeko sarea

Euskadin gizarteratzearen alde lan egiten duten gizarte-ekintzako 6 elkartek osatzen dute Ekain sarea: GGKE EUSKADI (Garapenerako GKEen Euskadiko Koordinakundea); EAPN EUSKADI (pobreziaren eta giza bazterketaren aurkako europar sarea Euskadin); GIZATEA (Gizarteratzeko eta Laneratzeko Euskadiko Enpresen Elkartea); HARRESIAK APURTUZ (etorkinei laguntza emateko Euskadiko GKE koordinakundea); HIREKIN (Euskadiko gizarte-ekimeneko eta esku-hartzeko entitateen elkartea); eta REAS EUSKADI (Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sarea). 

Sare horiek 300 elkarte eta 10.000 pertsona baino gehiago biltzen dituzte, profesionalak nahiz boluntarioak, zeinak hainbat esparrutan ari baitira lanean: gizarteratzea, enplegua, gizarte-zerbitzuak, garapenerako lankidetza, pobreziaren eta gizarte-bazterketaren kontrako borroka, garapen komunitarioa, ekonomia solidarioa, etab. 

► Gizarte eragileak 

Argilan-ESK, Argitan (Emakumeentzako Aholku Etxea, Barakaldo), Bizkaiko Etxeko Langileen Elkartea, Baietz Basauri!, Berri-Otxoak (Barakaldo), Sorgin eta Anitzak, Danok Lan (Galdakao), Elkartzen, Munduko Emakumeak, Posada de los Abrazos/Besarkatuz, SOS Arrazakeria eta PAH Bizkaia-Kaleratzerik EZ; Plataforma de Afectad@s por Lanbide de Gipuzkoa; Erletxea (Informazio eta Agitazio Soziala, Irun).  

► Pentsiodunen taldeak 

Asociación de Jubilados y Pensionistas por la Democracia-DEPE; Pentsionistak Martxan Bizkaia; Arabako Pentsionistak Lanean, Gipuzkoako Duintasuna Elkarteak.  

► Sindikatuak 

ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK, STEILAS, CGT eta CNT.