Aburto alkatearen hitzetan, izendapen berriarekin “Memoria Historikoaren Legeari egokitzeko hartutako konpromisoa bete da” eta antzinako zirgariak gogorarazi dira, “belaunaldiz belaunaldi kai hauetan gora eta behera ibili ziren emakume anonimo haiek”.
Zirgariak XIX. mendearen amaierako emakume-taldeak ziren, lurrunez eragindako ontzien erabilera nagusitu arte zirga izeneko soka luze batetik tiraka ontziak ibai ertzeraino edo ibaian gora mugitzen zituztenak.
Udalak abian jarritako partaidetza bidezko prozesuan, herritarrek 600 proposamen baino gehiago egin dituzte Bilboko kale eta plazei izenak aldatzeko. Orain arteko aldaketak hauek izan dira: Espainiako Printzeak zubia egun, Salbeko zubia da, eta Remigio Vilariño kalea (Begoña auzoan) Julita Berrojalbiz kalea. Horretaz gain, herritarren eskariz, Yolanda Gonzalez Plazatxoa inauguratu zuten iazko otsailean, eta maiatzean Alazne Lopez Etxebarria izena jarri zioten Zorrotzako plaza bati.
Datozen asteetan beste bi kaleren izenak aldatuko dituzte. San Ignazioko Eusebio Garcia Alonso kalea Benita Asas kalea izango da aurrerantzean, eta Zorrotzako Hermogenes Rojo kalea Clara Campoamor deitzera igaroko da bihartik aurrera.
Era berean, EH Bilduk kale-izendegian aldaketa gehiago egitea eskatu du, eta Memoria Historikoa betetzeko egin beharreko aldaketak aztertzeko eztabaidagune bat eratzea ere. Besteak beste, Ibarrekolandako Pedro Astigarraga, Deustuko Placido Careaga, Abandoko Marcelino Oreja, Indautxuko Ramon Basterra, Begoñako Pedro Cortes eta Iralako Alto de Somosierra kaleen izenak aztertu eta aldatzea proposatu du koalizioak.