Duela bi urte, 2015eko urtarrilaren 12an, Guardia Zibilak Auzitegi Nazionalaren aginduz 104.000€ konfiskatu zizkion Sareri. Plataformak urtarrilero presoen urruntze politikaren aurka deitzen duen manifestazioan bildutako dirua LAB sindikatuko egoitzan zegoen gordeta. Orduan sorturiko zorretatik 50.000 euro ordaindu ezinik dabil Sare.
Diru hori itzultzeko eskaera gaur, otsailak 23, aztertuko du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Joseba Azkarraga Sareko bozeramaleak hil honen hasieran adierazi zuen epaileek helegitea aintzat ez hartzekotan plataformaren etorkizuna “euskal gizartearen esku” geldituko dela.
Azkarragaren hitzetan, Sare "erortzen utziko ez dugun ondare kolektibo bat da, eta preso diren pertsonen eskubide guztiak errespetatu arte zentzua izango du".
Aurreko astean, Euskal Herriko hainbat pertsona entzutetsuk Sareren eskaera babestu zuten, besteak beste, Garaikoetxea eta Ibarretxe lehendakari ohiek, Arzalluz, Etxaide, Iruin, Kaltzada, eta beste hainbat politikari, kazetari, abokatu, sindikalista, unibertsitateko irakasle, elkarte desberdinetako kide, kultur munduko pertsonaia eta kirolarik.
[2017-02-02] "Herritarren esku uzten dugu Sareren etorkizuna"