Bilboko Udalak gaur aurkeztu ditu Udal Zerbitzu eta Kudeaketaren aurrean Herritarrek duten Gogobetetasunaren Pertzepzio Orokorrari buruzko Azterlanaren emaitzak. Txostenak Bilboko bizimoduaren kalitateari buruzko herritarren iritzia eskaintzen du, Udaleko sailak eta euren jarduerak aztertuta eta elkarrizketatutako pertsonentzat zeintzuk diren lehentasunezko gaien balorazioa eginda.
Azterlana osatzeko Bilbon bizi diren 18 urtetik gorako 1.320 pertsonari elkarrizketa egin diete telefonoz abenduan eta urtarrilean. Emaitzek %95,5eko konfiantza-tartea dute.
Emaitza baikorrak
Azterlanaren ondoriorik nabariena Bilboko bizimoduaren kalitateak, "berriro ere, indize bikainak lortu dituela da", Mikel Alvarez Alkatetzaren koordinatzailearen esanetan. Izan ere, "azken urteotako baloraziorik handienetakora iritsi da Udala". Bilbotarren %91k uste dute Bilbon "ondo edo oso ondo" bizi direla eta hirutik bik "ontzat" jotzen dute. Pertzepzio hori, gainera, zeharka ere ematen da kolektibo soziodemografiko guztietan errepikatuta. Elkarrizketatutako pertsona gehienek uste dute etorkizunean uriko "bizimoduaren kalitatea hobetu egingo dela" (%70) eta bere barrutikoa ere bai (%56).
Udalaren gestioari dagokionez, hiru pertsonatik bik ona dela deritzote. Iritzi bera dute kontsultatutako kolektibo guztiek. Alvarezen arabera, "pertzepzioa hobetu egin da" aurreko urteetakoarekin alderatuta eta, batez beste, 5 puntutik 3,6 jarri diote.
Jarduteko lehentasunetan, berriz, langabezia, herritarren segurtasuna eta gizarte ongizatea gai nagusiak. "Arreta gehien behar duten barrutiak, ostera, Errekalde eta Basurtu-Zorrotza".
Etorkizunerako itxaropenetan ia bilbotar guztiek pentsatzen dute Bilboko egoera ekonomikoak, "gutxienez, eutsi egingo diola oraingoari edota hobetu egingo dela" datozen urteetan.
Hiri "segurua edo oso segurua" dela uste dute %70ek
Azterlanak herritarren "segurtasunari buruzko emaitzarik onena" jaso du 2004az geroztik. 2015ean baino uri seguruagotzat hartzen dute bilbotarrek, baita beste hiri batzuekin alderatuta ere.
Hartara, bilbotarren %70ek uste dute Bilbo hiri "segurua edo oso segurua" dela. Hirutik bik "egokitzat" jotzen dute Udaltzaingoaren presentzia, eta gutxitu egin da Udaltzaingoaren presentzia handiagoaren eskaria, "eskaria oraindik dezentekoa bada ere"; Alvarezen hitzetan.
Era berean, "indize ezin hobeak agertzen dira" kaleen garbiketan, zaborren bilketan (hamarretik zortzik positiboa edo oso positiboa dela deritzo) eta auzoen arteko komunikazioan. "Modu esanguratsuan hobetu da pertzepzio positiboa", %70ek uste dute komunikazio ona edo oso ona dagoela Bilboko auzoen artean.
Azkenik, azpimarratzekoa da lanaren eta jarduera ekonomikoaren atalean elkarrizketatutako ia pertsona guztiek ondo deritzela uriaren irudiaren sustapenari. %69k onargarria dela uste dute inbertsioa eta talentua erakartzeko Udalak egiten du gestioa.
Mikel Alvarez Alkatetzaren, Garapen Ekonomikoaren eta Gobernu Onaren zinegotzi koordinatzaileak berak eskatutako agerraldian adierazi duenez, "2004az geroztik urtero egin ohi den azterlana da, herritarren balorazioen bilakaera aztertzeko eta aurrera egiteko gestio hobearen bidean".
Azterlanaren helburuak
Bilboko bizimoduaren kalitateari buruzko iritzia neurtzea, Udalaren gestioaren gainean herritarrek duten gogobetetasuna aztertzea eta Udalako sailen eta jardueren balorazioa ikertzea, 2015-2019ko Gobernu Planaren ardatz estrategikoekin bat etorrita:
1. ardatza. Lana eta jarduera ekonomikoa
2. ardatza. Zerbitzu eta politika sozialak
3. ardatza. Hezkuntza, prestakuntza, gazteria eta balioen garapena
4. ardatza. Kultura eta aisialdia
5. ardatza. Segurtasuna
6. ardatza. Hiri-eraberritzea eta ingurumena
7. ardatza. Garraioa, mugikortasuna eta irisgarritasuna
8. ardatza. Auzoen garapena
9. ardatza. Bilbo euskalduna
10. ardatza. Gardentasuna, partaidetza eta gestio aurreratua
Bilboko Udalaren web orrian (www.bilbao.eus) eskuragarri dagoen azterlan hau abenduan eta urtarrilean gauzatu da, 1.320 elkarrizketa eginda telefonoz Bilbon bizi diren 18 urtetik gorako pertsonei; %95,5eko konfiantza-tartea du.