Alderdi guztiek gaitzetsi dute Martinezen aurkako erasoa eta Udalberrik erasoaren gaitzespena eskatu dio Bilboko Udalari.
Gaur goizean Twitter sare sozialean Lander Martinez berak eman du erasoaren berri. Bekokia kolpatuta eta handituta zituen argazkia argitaratu du, honako mezuarekin: "Horrelakoak gertatzen jarraitzeak hausnarketa politikoa egitera derrigortzen gaitu, kontsentsutik, erakundeetatik eta gizarte zibiletik".
Ordu batzutara prentsaurrean agertu da Martinez Bilboko hotel batean Nagua Alba EAEko Ahal Dugu-ko idazkari nagusiarekin eta Pili Zabala Elkarrekin Podemosen legebiltzarkidearekin batera. Martinezek adierazi duenez, "edozein indarkeria, edonork egindakoa, oraingoa edo iraganekoa, ezbairik gabe baztertu behar da. Euskal Gizarteak ikasi du indarkerian oinarritutako edozein jarrera errotik moztu behar dela. Ezin gara erdibidean gelditu".