Izarbeltz Ateneoa hustutzearen aurkako helegitea jarri dute

uriola.eus 2017ko mar. 8a, 14:00

Izarbeltz Ateneoaren hustutzearen aurkako manifestazioa. Arg: Ecuador Etxea

Atzo goizean zigilatu zuen Ertzaintzak Iralako Izarbeltz gune autogestionatua, lokalaren jabearen salaketaren ondorioz. Izarbeltzeko kideek helegitea jarri dute hustutzearen aurrean, eta gaur jakin dute autoa Fiskaltzara eraman dutela. Emaitza hurrengo asterako jakitea espero dute.

Goizeko 08:45ak aldera hurbildu ziren Ertzaintzaren furgonetak eta Udaltzaingoaren hainbat kotxe Izarbeltz Ateneora, bertako kideek URIOLAri jakinarazi ziotenez. Ertzainek gunea prezintatu eta barrualdera sartu ziren. URIOLAk jakin ahal izan duenenaren arabera, prebentziozko hustutzea izan zen, Andres Isasi kaleko 15 zenbakian dagoen lokalaren jabeak salaketa jarri ondoren.

Salaketan jabeak gune autogestionatua 2017ko otsailaren 14an okupatua izan zela adierazi du, jakina bada ere Izarbeltzek 11 urte daramatzala lanean. Horregatik Izarbeltzeko kideek helegitea jarri zuten atzo bertan. Gaur jakin dute autoa Fiskaltzara igaro dela, eta ondorioz bi-hiru egunen buruan erantzuna jasoko dutela.

Manifestazio jendetsua

Hustutzearen berri izandakoan, kontzentrazioa deitu zuten Udaletxearen aurrean. Arratsaldean manifestazioa burutu zuten Zabalburutik hasita Bilboko kaleetan barrena. Elkarretaratzean jendetza batu zen hustutzea arbuiatzeko.

Egun osoan zehar elkartasun mezuak nagusitu ziren sare sozialetan, Twitterren #IzarBeltz traola Trending Topic izatera heldu zelarik.

 

Izarbeltz Ateneoa

#IzarBeltz

 

[2017-03-07] Izarbeltz Ateneoa hustu dute