Hasi berri den astea edukiz eta saioz bete-beteta eskaini du Loraldia festibalak. Bihar Xabi Solanok Trikitixa II liburua eta Ereñotzu diskoa aurkeztuko ditu. Asteazkenean Josu Martinezek aurkitu berri duen Euskal Herriari buruzko lehenego 3D dokumentalaren proiekzioa aurkeztuko du: 1936an Iparralden filmatutako Euskadi. Ostegunean Hiri hori da hiri hau emanaldia izango da Lutxo Egia idazlea eta Mikel Inun kantariaren eskutik.
Asteburua are indartsuago
Ostiralean Xabi Aburruzaga trikitilariaren Keltik lan berria entzuteko aukera izango da Campos Antzokian. Hainbat gonbidatu berezirekin batera, folk zeltiarrez beteko dute Loraldia ostiral arratsaldez. Larunbatean Kukai dantza konpainiako kideek ikuskizuna egingo dute Iñaki Salvador, Juan Mari Beltran eta Oreka TX bezalako kolaboratzaileekin batera. Aurten 15 urte betetzen ditu Oreretako dantza konpainiak eta ospatzeko ikuskizun "handi eta ikusgarria" taularatuko du. Aldi berean Bilbronx kaleko kultura adierazpena egingo dute Alondegian, hip hop musika, parkour, body modification eta scratch erakustaldiak bilduko dituena. Emanaldian arituko diren rap egileen artean, EH2000&Laize bizkaitarrak, Iparraldeko 2zio eta Londresko Acykal&Layiee izango dira.
Asteari amaiera emateko, Logela Multimediaren DRAG.e antzerki familiarraren "erabateko estreinaldia" aurkeztuko dute Alondegian igande eguerdian. Ikuskizun multimedia berri honek antzerkia, dantza, musika, bideoa eta robotika uztartzen ditu, "natura babestu beharraz" jarduteko. Domeka arratsaldean Euskal kantuak sinfonikoaren bidean kontzertua emango dute Campos Antzokian. Jon Amezagaren 'Bidean' disko berriaren emaitza den lan honetan Donostiako Musika Eskolako musikariek "euskal kantagintzaren kanturik arrakastatsuenen moldaketa sinfonikoa" joko dute.
Informazio gehiagorako: loraldia.eus
Aurreko asteko laburpena
Joan den asteartean eman zioten hasiera hirugarren Loraldia festibalari, eta hemen da lehenengo asteko laburpen bideoa. Martxoa osoan zehar eta apirilaren 8ra arte egongo da aukera festibalaz gozatzeko Bilboko gune ezberdinetan.
Bideoan, hurrenez hurren, honako saio hauek agertzen dira: Ez Dok Hiru! (Patxo Telleria eta Mikel Martinez), Gorputza Eszenan (Ander Lipus eta Onintza Enbeita), Aborigenak (Pabilioi 6ko Gazte Konpainia) eta Txoriak (Dantzaz Konpainia).