Gaur izan da Arantza Zulueta Espainiako Auzitegi Nazionalean AVTk berriz espetxeratzea eskatuta. Joan den asteartean terrorismoaren biktimen elkarteak Zulueta berriz espetxeratzeko eskatu zuen ihes egiteko eta berriz delitu egiteko arriskua argudiatuta. Gaurko ahozko saioan fiskaltzak bat egin du elkartearen eskaerarekin, baina epaileak ez die arrazoirik eman eta Zuluetaren baldintzapeko askatasuna berretsi du. Arantza Zuluetak berak azaldu du auzitegietako agertze guztiera agertu dela baldintzapean aske egon den bitartean.
Zulueta 2014ko urtarrilaren 8an atxilotu zuten Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) bitartekaritza taldearen kontra eginiko polizia operazio batean. Geroztik isolamendu egoeran egon zen aurtengo otsailaren 24an aske utzi zuten arte; 2015eko martxoan Estremerako (Madrid) espetxetik Puerto IIIra (Cadizera) urrundu zuten eta ordutik, "bakartze egoera latzenetariko bat" jasan zuen bere lagun eta senideek azaldu bezala.
20.000 euroko bermea ordainduta utzi zuen aske aurreko hilabetean Espainiako Auzitegiko 3. Zigor Aretoak; ihes egiteko zituen aukerak "urritu" egin zirela argudiatuz. Joan den asteartean AVT terrorismoaren biktimen elkarteak Arantza Zulueta berriz espetxeratzea eskatu zuen, ihes egiteko arriskua eta berriz delitu egitearen arriskua argudiatuta.
Zehazki 2010ean abiatutako eta "gertaerei zein delituei dagokienez akusasio bera" duen prozedura bategatik kartzelaratzea exijitzen zuen AVTk. Izan ere, 2014ko atxiloketaz gain, aurretiaz preso egondakoa da Zulueta. 2010eko apirilean euskal preso politikoen abokatuen aurka egindako operazioan atzeman zuten, baina baldintzapeko askatasunarekin kalera atera zen. 2011ko uztailaren 14an, Grande Marlaska epaileak behin-behineko espetxe zigorra ezarri zion talde terroristako kide izatea leporatuta; eta urte bereko irailaren 14an, aske utzi zuen Zigor Salak Grande Marlaskaren erabakia atzera bota ondoren.