BIG Bilbao ekintzailetza zentroa inauguratu dute enpresa eta negozio berriak sortzen laguntzeko

uriola.eus 2017ko mar. 16a, 18:32

Gaur goizean BIG Bilbao – Ideien Gunea izeneko zentroa ireki dute Bilboko Udaleko ordezkariek Colon de Larreategi kaleko 3 zenbakian, Udaltzaingoaren komisaldegi zaharrean. Gune honen helburua "Bilbo negozioetarako leku erraza izatea" da.

Edozein jarduera-sektoreko ekintzaile, hornitzaile eta finantzatzaileei orientazioa, koordinazioa eta zenbait kasutan aholkularitza zerbitzu integrala eskainiko die Big Bilbaok. Bilbon enpresa arloko proiektuak martxan jarri nahi dituztenentzako "baliabide eta ekintza guztien sarrera-atea" izan nahi duela adierazi du Juan Mari Aburto alkateak.

Bilbao Ekintza Udal Sozietatetik sortutako proiektua da BIG Bilbao, eta eremu askotako bazkideekin ditu akordioak, besteak beste, Bilbon dauden hiru unibertsitateak (EHU, Deustu eta Mondragon), Merkataritza Ganbara, Elkargi, Microsoft eta HP.

Udaltzaingoaren komisaldegia izandako Colon de Larreategi kaleko 3. zenbakia berriztu eta 423 metro karratuko lokala berreskuratu dute proiektua garatzeko. BIG Bilbao zentroaz gain, Irazabal-Matiko, Harrobia, Boluetabarri eta Errekalden ere badaude ekintzailetza zentroak eta etorkizunean Zorrotzaurreko As Fabrik batuko zaie.