Sindikatuen arabera, "ia erabateko jarraipena" izan du unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko grebak

uriola.eus 2017ko mar. 23a, 13:00

Argazkiak: @EcuadorEtxea @txemaritxu74 @ELAsindikatua @iko_stx

Pozik agertu dira ELA, LAB eta STEILAS sindikatuak atzo eginiko greba deialdiak izan zuen erantzunarekin. Unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko 18.000 langilek greba babestu zuten. Deituta zeuden beharginen %75ek. Eusko Jaurlaritzak aldiz jarraipena %46koa izan zela adierazi du. Grebaren zabalpena ezkutatzeko datuen "manipulazio lotsagarria" egitea egotzi diote sindikatuek Jaurlaritzari. 

Bilbon, Gasteizen eta Donostian atzo eguerdi aldera Lan baldintzak hobetu, hezkuntza eraiki lelopean burutu ziren manifestazioetan 18.000 lagunek parte hartu zutela diote sindikatuek.

Grebara deituta zeuden ia 28.000 langile unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan (irakasle, heziketa bereziko langile, sukaldari eta garbitzaile) eta 1.200dik gora Haurreskolen Partzuergoan. 

Langileen %75etik gora egin zuten bat deialdiarekin. "Ia erabateko jarraipena" izan zuen "eskualde gehienetan" ELA, LAB eta STEILAS sindikatuen esanetan. Bilbon, esaterako, %50 ingurukoa izan zen. 

Lan baldintzak hobetzeko eskatzea eta pertsonen eta garapen integrala lehentasuna izango duen hezkuntza publikoa aldarrikatzea izan zuten xede grebalariek: "Hezkuntzan inbertsioa, plantillak eta baliabideak handitzea eskatzen dugu. Onartezinak diren behin-behinekotasun mailak murriztea. Gelako ikasleen kopurua murriztea. Soldatetan, ordezkapenetan, bajetan, erretiroan... ezarritako murrizketak alde batera uztea. Ikasle euskaldun eleaniztunak sortu dituen euskarazko murgiltze eredua garatzea. LOMCE eta Heziberri bertan behera uztea. Eta hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera utziz, hezkuntza berdintasuna, justizia soziala, integrazio eta gizarte kohesioa bermatzeko oinarrizko tresna izatea". 

Bide horretan "pausoak ematen hastea" eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. "Horrela ez bada", hurrengo hilabeteetan greba eta mobilizazio dinamikak areagotuko dituztela iragarri dute sindikatuek. 

[2017-03-22] "Lan baldintzak hobetzeko eta hezkuntza eraikitzeko" greba eguna dute Hezkuntzan