Babes sozialerako "euskal sistema duin eta kalitatezkoa" defendatu dute milaka lagunek

uriola.eus 2017ko api. 3a, 10:15

Argazkia: Ecuador Etxea

Eskubide sozialen aldeko aldarria atera dute kalera, Bilbon egindako manifestazioaren bitartez, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten eragileek babestuta. Hain zuzen ere, milaka lagunek hartu zuten parte larunbat arratsaldean Jesusen Bihotzetik abiatutako mobilizazioan; Euskal Herriko ehunka erakundeko hainbat eta hainbat ordezkarik, tartean.

Arriagako zubira iritsi da protesta, eta hainbat aldarrikapen zabaldu zituzten. Besteak beste, Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentari eta Lanbidek kudeatutako gainontzeko prestazioei Lanbide-arteko Gutxieneko Soldatak izan duen %8ko igoera aplikatzea, baita 2017rako Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuan jasotako xedapen gehigarrian prestazio sozialen zenbatekoan ezartzen den %7ko murrizketa eraginik gabe uztea ere.

Manifestazioan sindikatuetako kideak bildu ziren, esparru feministako gizarte erakundeetakoak, gazte mugimendukoak, pertsona migratzaileen aldekoak, ekologismoarenak, pentsionistenak, pobreziaren aurkakoak, gizarte bazterketaren kontrakoak, Sare Ekonomiko Alternatibo eta Solidariokoak… Denen aldarriak defendatzeko konpromisoa berretsi zuten, "borroka soziala baita eskubideen defentsarako tresna, gizartearen mobilizazioaren eskutik".

Manifestazioaren amaieran "babes sozialerako euskal sistema duin eta kalitatezkoaren aldeko puzzlea" osatu zuten.

 

[2017-03-29] Apirilaren 1eko manifestazioan parte hartuko dugu pentsiodunok

[2017-03-28] Eragile ugarik bat egin dute gizarte eskubideen alde apirilaren 1ean Bilbon antolatu den manifestazioarekin

[2017-03-04] "Eskubide sozialen defentsan", apirilaren 1ean kalera irteteko deia egin dute