Izarbeltz ateneoaren alde martxa zaratatsua egingo dute herritarrek

uriola.eus 2017ko api. 7a, 07:50

Izarbeltz Ateneoaren hustearen aurkako kontzentrazioa

Hilabete betetzen da gaur Ertzaintzak Izarbeltzeko atea zigilatu zuenetik. Ateneoko kideek Udalak Izarbeltz bezalako espazioen aurkako "gurutzada isila" martxan duela salatu dute, "hiri bakar baten homogeneotasun tristea inposatzeko". Ondorioz, 19:00etan, manifestazio zaratatsua abiatuko da Etxebarrieta Anaien plazatik.

Martxoaren 7an hustu zuen Ertzaintzak Iralako Izarbeltz gune autogestionatua, lokalaren jabearen salaketaren ondorioz. Izarbeltzeko kideek helegitea jarri zuten salaketaren aurka eta autoa Fiskaltzara pasatu bazuten ere, oraindik ez dute erantzunik jaso.

Hustearen egunean bertan manifestazio jendetsua egin zuten Zabalburutik, desalojoa salatzeko eta Izarbeltzen proiektua babesteko. Izarbeltz zigilatu zutenetik hilabete betetzen den egunean, gaur, mobilizazio berria deitu dute ateneoko kideek. Arratsaldeko 19:00etan, Etxebarrieta Anaien plazatik (Unamuno plaza) manifestazio zaratatsua abiatuko da Izarbeltz aurrera lelopean.

Izarbeltzen aurkakoa "iruzurrezko salaketa" dela eta udal aginteak "beren onurarako" aprobetxatzen ari direla adierazi dute. Ateneoko kideen esanetan, Udalak "erresistentzia-fokuen kontrako borroka zabalik du" eta horregatik du "desagerrarazi beharreko mehatxutzat" Izarbeltz.

Ateneoan hamarkada luze honetan egin duten "autogestio, ekintza politiko eta astintze kulturala" azpimarratu dute, "Estatuaren, kapitalaren, heteropatriarkatuaren eta gizaki ez diren animalien holokaustoaren kontra" eta "Bilbo berri baten aldeko borrokan". Izarbeltz "hausnartzeko, sortzeko eta elkarbanatzeko" gunea dela azaldu, eta haien proiektua babesteko ostiralean manifestazio zaratatsuan parte hartzeko mezua zabaldu dute. "Haserre etorri dauzkazuen lapiko, txistu, megafono eta danbor guztiekin", dei egin dute.

[2017-03-07] Izarbeltz Ateneoa hustu dute

[2017-03-08] Izarbeltz Ateneoa hustutzearen aurkako helegitea jarri dute