Partaidetza prozesuan Bilbon erroldatutako 16 urtetik gorakoek hartu ahal izango dute parte. Proposamenak www.bilbao.eus webgunearen bitartez edo idatziz aurkeztu ahal izango dira, udal bulegoetan zein Bilboko Udalaren Erregistro Nagusian. Egileek jarraipena egin dezaten, proposamenei identifikazio-kodea esleituko zaie.
Oro har, Udalaren eskumeneko edozein arlotako proposamenak egin daitezke, hala nola “garapen ekonomikoa, gobernu ona, gizarte arloko politikak, kultura, euskara, gazteria, kirola, segurtasuna, mugikortasuna, ingurumena…”. Hala ere, barrutiak hobetzeko obrei eta lanei buruzko ekarpenak Auzokide Planaren barruan egitea eskatu du Udalak.
Parte-hartze prozesuan onartutako proposamenak gauzatzeko Udalak 2 milioi euro jarriko ditu. Azaldu dutenaren arabera, proposamen bakoitzak gehienez 500.000 euroko kostua izango du, “herritarren ekarpen gehiagori lekua egiteko”.
Maiatzaren 24an jasotako proposamen guztiak argitaratuko dira, iraingarriak eta diskriminatzaileak izan ezik. Ekainaren 2tik Gobernu Batzordeak aurrekontua onartu arte Udaleko sailek proposamenen edukia aztertuko dute ikuspegi juridiko eta tekniko aldetik. Proposamenen balorazio ekonomikoa egin eta lehentasunak finkatuko dituzte aurrekontuko 2 milioiak amaitu arte. Prozesuari amaiera emateko, Udalak proposamen guztien zerrenda argitaratuko du, 2018ko aurrekontuen proiektuan sartuko direnak zein ez.
Iaz egin zuten lehenekoz parte-hartze prozesua, eta “oso harrera ona” izan zuen, Herritarrentzako Arreta, Partaidetza eta Barrutien Saileko zinegotzi den Gotzone Zaldunbidek azaldu duenaren arabera. 302 proposamen egin ziren norbanako eta elkarteen artean, “oso interesgarriak eta argumentazio onarekin”. Horietatik 17 proiektu onartu ziren 2017ko aurrekontuetan, guztira bi milioi euroko kostuarekin.
Iaz onartutako proiektuen artean adostu zen El Fango errugbi-zelaian tribuna egitea aldagelekin, “Eskolako bideak” programa, Bilbon Bizi udal zerbitzuan bizikleta gehiago jartzea, skateboard praktikatzeko guneak atontzea, edozeinek erabiltzeko moduanrokodromo bat jartzea eta gaueko aisiarako gazteentzako programa abian jartzea.