Lasterketak Bilboko Udalaren laguntza du eta Bizkaiko hiriburuan izango du egoitza. Bertatik irten eta bertara itzuliko dira ibilgailuak etapa guztietan eta bertan egongo dira ikusgai. Bi eguneko erregulartasun rally hau Bizkaia eta Kantabriako errepideetatik ibiliko da.
Bilborentzat bereziki interesgarria da honelako probak babestea, abiadura ez baizik gidatzean erregulartasuna eta ingurumenarekiko begirunea saritzen baitira. Agerikoa da automobil fabrikatzaileek ingurumena kaltetzen ez duten ibilgailuak egiteko teknologia nahiko garatua dutela, eta oso fidagarri eta erabilgarriak diren ibilgailu hauek, mota honetako lasterketan parte hartu eta ibilbide osoa amaitzeko gai ere badirela.
Ehuneko 100ean elektriko diren ibilgailuek 270,70 kilometro egingo dituzte, horietako 118 tarte neurtuetan. Gainerako lehiakideek (ibilgailu hibridoak eta energia alternatiboek mugitutakoak) 379,90 kilometro egin beharko dituzte, 188,80 tarte neurtuetan. Honela, ehuneko 100ean elektriko diren ibilgailuek guztira 10 erregulartasun tarte burutu beharko dituzte, eta gainontzekoek ibilbide luzeagoa izango dute, 14 tarte burutzeko.
Erregulartasun rallyak errepide arruntetatik eta trafikoa moztu gabe egiten diren automobilismo lasterketak dira. Honela bada, lehiakideek gainerako erabiltzaileekin partekatu behar dituzte bideak. Ez da, ondorioz, abiadura lasterketa bat. Antolatzaileek batez besteko abiadura (baxua) ezarriko dute. Lehiakideek abiadura mantentzen saiatu beharko dute, beti ere zirkulazio-arauak, seinaleak eta beste erabiltzaileak errespetaturik. Horregatik, batez besteko abiadura baxua izan arren, ia ezinezkoa izango da beti mantentzea, tarte askotan lehiakideek abiadura moteldu edo guztiz gelditu beharko dutelako.
Erregulartasun rallyetan ezarritako batez besteko abiadura horretara gehien hurbilduko denak irabaziko du, rallya osatzen duten tarte guztietan dauden ezkutuko igarotze kontroletatik antolatzaileek ezarritako denboran igaro ondoren. Azkenik, eta ezarritako batez besteko abiadura horren arabera, antolatzaileek kalkulua egin eta zehaztuko dute zein unetan (segundo hamarrenetan kronometratua) igaro beharko zuketen ezkutuko kontrol guneetatik. Igarotze une jakin horretatik lehiakideak aurreratzen edo atzeratzen diren segundo hamarren bakoitzeko zigorra egongo da.