Sandra Barrenetxea torturatzea egotzita absolbitutako guardia zibilen "inpunitatea" salatuko dute

uriola.eus 2017ko api. 11a, 08:00

Sandra Barrenetxea torturatzea egotzitako guardia zibilen aurkako epaiketa

Ekineko kide izatea egotzita atxilotu zuten Sandra Barrenetxea 2010ean beste zortzi lagunekin batera. Denek torturak salatu zituzten arren, auzitara heldu den bakarra Sandraren kasua izan da. Martxoaren 15ean Barrenetxeak bera torturatu zuten hiru guardia zibil identifikatu eta jasotako torturak deskribatu zituen. Epaileak salaketa "nahikoa frogatu" ez zela argudiatuta absolbitu zituen auziperatuak. Gaur elkarretaratzea deitu dute absoluzio erabakiaren kontra.

Gaur 18:30ean kotzentrazioa egingo dute Sandra Barrenetxea torturatzea egotzitako lau guardia zibilen absoluzioaren aurka. Inpunitaterik ez! lelopean, Bilboko Justizia Jauregiaren aurrean elkartuko dira hainbat lagun "justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak" exigitzeko.

Martxoaren 14an abiatu zen Barrenetxea torturatzea egotzitako lau guardia zibilen aurkako auzia. Horietatik hiru identifikatu zituen arren, epaileak ez zion sinesgarritasunik eman eta laurak absolbitu zituen. Epaiaren esanetan, "ez zen nahikoa egiaztatu" kolpeak eman zizkiotenik, legez kanpoko galdeketarik egin ziotenik, mehatxu egin ziotenik, kuleroak jaitsi zizkiotenik, ukitu egin zutenik, poltsa jarri ziotenik, oihu egun ziotenik, jo zutenik, biluzarazi zutenik, bortxeatzearekin mehatxu egin ziotenik, prakak puskatu zizkiotenik...

Akusazioak bederatzi urteko espetxe zigorra eskatzen zuen lau guardia zibilentzat, eta defentsak eta fiskaltzak absoluzioa. Azken bi horien tesiarekin bat eginda Bizkaiko Auzitegiak guardia zibilak errugabetu zituen apirilaren 6an. Bestalde, Auzitegiak frogatutzat eman zuen auzi medikuak egunero ikusi zuela, eta hark ez zuela torturen zantzurik topatu, nahiz eta Barrenetxeak medikuari esan zion tortura fisiko eta psikologikoak jasaten ari zela.