Bizkaiko Ostalaritza Elkarteak hala eskatuta, Udalak bi orduz luzatuko du ostalaritzako lokalak ixteko ordua. Egun bereziki seinalatuetan, garrantzi handiko ekitaldiak daudenean edota interes turistikotzat jotako egunetan egingo dute ordutegi luzaketa.
Aste Santuan, apirilaren 13tik 17ra bitartean joko eta ostalaritza lokalak ixteko ordutegia bi ordu luzatuko dute. Uda honetan ere, zenbait egunetan luzatuko da ordutegia. Besteak beste, ekainaren 2an eta 3an El Sol jaialdia dela eta, ekainaren 17an Gau Zuria dela eta edo uztailaren 6tik 8ra bitartean Bilbao BBK Live jaialdiagatik. Aste Nagusian ere, abuztuaren 19tik 27ra bitartean luzatu ahal izango dute ordutegia ostalaritza lokalek, eguneko lokalek barne.