Ertzaintzak ofizioz jardutea erabaki ostean, epaileak erabakiko du hiru ultren gainean

uriola.eus 2017ko api. 28a, 09:55

Plaza Barriko terraza batean gosaltzen ari zen gazte bat erasotu zuen pertsona eta bere bi lagunak identifikatu eta gero aske utzi zituen Ertzaintzak atzo, erasotzaileak euren aurkako salaketarik jarri ez zuelako. Gaur, aldiz, Ertzaintzak ofizioz jardutea erabaki du. Bildutako datuak epaileari igorri eta honek erabakiko du hiru ultrei prozesu judiziala ireki edo ez. Bilboko Udala herri-akusazio bezala aurkez dadila eskatu du EH Bilduk.

Ertzaintzak hiru ultren aurkako argiketa ireki du herritar bati tratu lotsagarria ematea leporatuta, eta erasoaren datuak eta zantzuak biltzeari ekin dio. Besteak beste, erasotzaileek eurek grabatu eta zabaldutako bideoa eta Plaza Barrian 12:45ean zeuden lekukoen adierazpenak aurkeztuko dizkio epaileari.

Bideoan, argiro ikusten da lasai asko terraza batean gosaltzen ari zen gazte bat nola erasotzen duen Herrera izenez ezaguna den pertsonak. Iraindu, edariaz busti eta zaplaztekoa eta ostikoa ematen dizkio gazteari.

Argiketa fasea bukatzean, dokumentazio guztia epaileari igorriko dio Ertzaintzak. Orduan, epaileak erabaki beharko du prozesu judiziala irekitzen ote duen.

 

Udala herri-akusazio aurkezteko eskaria

Aitziber Ibaibarriaga EH Bilduko bozeramaileak udal gobernuari eskatu dio, Plaza Barrian herritar batek jasandako erasoagatik herri-akusazio bezala aurkez dadila. "Eraso hori gertaera larria izan da eta Udalak erantzun sendo bat eman behar du. Bideoan ikus daitekeen bezala, erasoak gorroto-delitu zantzuak ditu. Gure ustez, gobernuak urrats irmo bat eman behar du eta irekitako eginbideetara batu", azpimarratu du bozeramaileak.

Atzo, Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek gaitzetsi zuten erasoa sare sozialen bidez.

 

Salaketarako elkarretaratzea

Erasoa gertatu zen lekuan, Plaza Barrian deitu du gaur 19:00etan elkarretaratzea Sare Antifaxistak Eraso faxistarik ez erantzunik gabe lelopean. Bilbotarrei parte hartzeko deia egin die kolektiboak.

 

Erasotzaile "neonazia"

Erasotzailea ez da pertsona arrunt bat. Ideologiaz "neonazia" den pertsona da Sare Antifaxistaren esanetan. Aurrekari penalak dituen pertsona. 

Betis taldeak argitu du ez dela clubeko bazkidea, eta atzo Athleticek Betisen aurka San Mamesen jokatu zuen partidua ikusteko sarrerarik ez ziola saldu. Supporters Gol Sur Betiseko peñakidea izan zen Herrera. 

 

[2017-04-27] Pertsona bat erasotu du Plaza Barrian ustez Betiseko ultra batek