Europar Batasuneko lan-ezbeharren eta lanbide-gaixotasunen zenbakiak ikusten badira, ondorioa "argigarria" da: lan-ezbeharrek eragindako heriotza bakoitzeko, lanbide-gaixotasunek eragindako 18 gertatzen dira. Euskal Herrian, aldiz, lanbide-gaixotasunekin loturiko "estatistikarik ez dago, nahiz eta azken bederatzi urtean 180 langile hil diren amiantoaren ondorioz".
ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek azaldu dute emakumeek areago pairatzen dutela prekarietate laborala zein soziala, eta honen ondorioak nabarmenak direla. "Horrek esan nahi du segurtasun eta higiene arloko arriskuetatik harago joan beharra dagoela, arrisku psikosozialak hartu behar direla kontuan, eta aintzat hartu halaber, ugalketa-osasuna babestea dela genero-ikuspegiaren helburu nagusia osasunean".
Lanbide-gaixotasunak "ezkutatzeko edo egiazki gertatzen direnak baino gutxiago aitortzeko" arrazoi nagusia da gizarte segurantzaren mutua kolaboratzaileek egiten duten "lan zikina". Sindikatuen esanetan, mutuak enpresaburuen elkarteak dira, eta legez irabazi-asmorik gabeak dira.
"Mutuek harro esaten dute zer aurrezten duten beren jardueraren bidez; hots, Aldi Baterako Ezintasuneko milioika lanaldi, eta milaka milioi euroren superabita. Baina ez dute baloratzen zer-nolako kostua ordaintzen duten pertsona horiek beren osasunarekin, eta gainera, langileek auzi luze eta korapilatsuei ekin behar izaten diete beren gaixotasunen lan-izaera aitortu diezaieten", salatu dute.
Era berean, "ez dituzte baloratzen gizarteak ordaintzen dituen kostuak alta goiztiarrengatik, pertsona gaixoak kanporatzeagatik, edo ondorio saihesgarriengatik".
Mobilizazioak
Lan Osasunaren eta Segurtasunaren egunean mobilizazio bateratuak egingo ditu gehiengo sindikalak Prekarietateak gaixotu eta hil egiten du lelopean. Gaur 11:00etan irtengo da manifestazioa Confebask platronalaren egoitzaren aurretik (Kale Nagusia 50).
Txostena: Apirilak 28, prekarietateak gaixotu eta hil egiten gaitu