Gaur goizean Berri Otxoak plataformak deitutako elkarretaratzean eman du salaketaren berri Barakaldoko gazteak. Autonomoa da eta orain zortzi hilabete eskatutako diru laguntza ukatu diote, argudiatuta ez zuela beharrezko dokumentazioa epearen baitan entregatu. Langileak informazio hori gezurtatu eta Lanbideren aurka salaketa jarri duela adierazi du gaur.
Langile autonomo honek iaz DSBEren baitan dagoen laneko diru-sarrerak osatzeko errenta eskatu zuen, oinarrizko errentaren zenbatekora iristen ez diren pertsonen baliabide-maila osatzeko errenta, hain zuzen. 2016ko ekainean egin zuen eskaera, beharrezko dokumentazioa aurkeztearekin batera. Gainera, Berri Otxoak plataformak jakitera eman duenaren arabera, azaroan eta irailean dokumentu gehiago aurkeztu behar izan zituen, Lanbidek hala eskatuta.
Hala ere, dokumentazioa epez kanpo aurkeztu izana argudiatuta ukatu dio DSBEa Lanbidek, eta Berri Otxoak plataformak "oso larritzat" jo du erabakia. Besteak beste, langileak salatzen du Lanbidek ez dituela errespetatu aurkeztutako errekurtsoak tramitatzeko epeak eta horrek lau hilabetez luzatu duela afera. Horretaz gain, aurretiazko hitzorduen eragirkotasun faltak familien lana atzeratzen duela, eta dokumentuak, alegazioak eta errekurtsoak aurkezteko etengabeko traba eta zailtasunak salatu ditu Barakaldoko gazteak.
Aipatutako langileak Lanbideren aurka jarri duen salaketa eta Arartekori egindako babes ekaeraren biartez agerian utzi nahi du Lanbidek DSBE eskuratzeko baldintzak gogortu dituela, ez duela araudia betetzen eta "etengabeko kriminalizazio kanpainak" burutzen dituela "giza eskubideak murritzeko".
Bere abokatuak azaldutakoaren arabera salaketak bideragarritasun juridikoa dauka, eskubideen urraketa dela eta Lanbideren aurka izandako beste auzi batzuetako ebazpenei erreparatuz gero.