Elkarteko kideek “oso une garrantzitsuan” gaudela uste dute, Bilboko Udala hurrengo 20 urteetarako hiri eredu eta higikortasun plana prestatzen ari baita, nahiz eta ez duen “ganorazko hausnarketarik ezta analisirik” egin.
Horregatik antolatu dute Bizikleta Eguna igande honetan, maiatzak 7, Arriaga plazan ospatuko dena. 11:00etan Bilboko Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorra eta Hiri Higikortasun Iraunkorrerako Planari buruzko informazio-mahaia irekiko dute. Gainera, bizikletak “tuneatzeko” eta doikuntzak egiteko tailerra ere egingo dute. 12:00etan, 12 kilometroko martxa abiatuko dute Bilboko kaleetatik, Ekoetxean amaituko dena janari artean.
Biziz bizi elkarteak bizikletaren erabilera aldarrikatzen du bai aisirako, bai garraiobide gisa eta baita kirola egiteko ere. Horregatik, Udalarekin harremanetan daude, “hiri iraunkorragoa, egokiagoa eta atseginagoa lortzeko asmoz”.
Informazio gehiago bizizbizi.org webgunean edo @Bizizbizibilbao twitter kontuan.