Familiaren Lasterketaren edizio berri bat antolatu dute maiatzaren 14rako

uriola.eus 2017ko mai. 8a, 10:30
http://www.bilbaoclick.com/

Datorren igandean, maiatzak 14, goizeko 11:00etan hasita, berriro egingo da Familiako Lasterketa Bilboko kaleetan barrena. Helburua, AVIFES gaixotasun mentala duten pertsonen eta beren senideen Bizkaiko Elkartearentzako dirua biltzea da. Familiako Lasterketaren seigarren edizioa Guggenheim Museoko zelaigunetik Itsas Museoraino; 1,8 kilometroko zirkuituan egingo da.

Familiako Lasterketa adin guztietako pertsonei zuzenduta dago, kirola, osasuna eta familia bezalako baloreak bultzatzen baititu. Bertan parte hartu nahi duten familia guztiek 2 eta 10 partaide bitarteko taldeetan egin ahal izango dute arineketan: bikotearekin, lagunekin, familiako kideekin…garrantzitsuena, lasterka eginez ondo pasatzea da.

Hiru kategoriatan eman dezakete izena lasterketan parte hartu nahi dutenek: lehen belaunaldiko taldean (bikoteak, anai-arrebak eta lagunak); bigarren belaunaldiko taldean (guraso eta seme-alabak, osaba-izekoak eta ilobak); hirugarren belaunaldiko kategorian (aitita-amamak, gurasoak eta bilobak).

Talde bakoitzak identifikazio-dortsal bat izango du eta kapitainak eskumuturrekoa eramango du zirkuituari egiten zaizkion birak zenbatzeko. Oinarrietan zehaztutakoaren arabera, gehienez ere, 3.000 partaide izango dira.

Izen ematea

Izena www.carrerasfamiliares.eus webgunean eman daiteke taldeko 10 euroren truke. Lortutako dirua AVIFES gaixotasun mentala duten pertsonen eta beren senideen Bizkaiko Elkartearentzako izango da. Dortsalak ostiralean, maiatzak 12, eta larunbatean, maiatzak 13, jaso ahal izango dira Kale Nagusian dagoen El Corte Ingeleseko kirolen solairuan.

Ibilbidea

Ibilbideak Guggenheim Bilbao Museoa du abiapuntu eta Bilboko Itsas Museoraino iritsiko da, berriro hasierako puntuan bukatuz. Itzuli batek 1,8 km-ko luzera dauka eta gehienez 5 aldiz egin daiteke, guztira 9 kilometro burutuz. Aurreko edizioetan legez, parte-hartzaileek jan-edana izango dute buelta berri bati ekiten dioten bakoitzean, baita helmugara heltzen direnean ere. Irteerak kategoriaren arabera burutuko dira, mailaz maila: lehenengo hirugarren belaunaldikoak aterako dira, ondoren bigarren belaunaldikoak eta azkenik, lehenengo belaunaldikoak.

Jarduerak

Partaideei lasterketaren kamiseta bana eta jan-edana emango zaie amaieran. Fisioterapian aditua den pertsona batek luzatze-ariketak eta prestakuntza zuzenduko ditu lasterketa baino lehenago eta amaieran. Opariak banatu eta 5 bizikleta zotz egingo dira; diskoteka ere egongo da, familia osoarentzat. Azken batean, jarduera ugari, familia-giroan kirola eginez eguna ondo pasatzeko.