Betiseko hiru ultren jokaera "zigorgabe ez geratzea" zen Alberto Angoitia eta Joana Maguregi abokatuen helburua. Izan ere, euren esanetan, "apirilaren 28ko goizean horixe gertatuko zela zirudien", eta horregatik jo zuten Guardiako Epaitegira hiru ultren aurkako salaketa aurkeztera. "Gorroto delitua" egotzi zieten aurreko egunean, apirilak 27, Plaza Barriko terraza batean zegoen gazte bat erasotzeagatik.
Ertzaintzak hiru ultren aurka ofizioz jardutea erabaki ostean, herritar bati "tratu lotsagarria" emategatik, abokatuek aurkeztutako salaketa kentzeko eskaria luzatu zioten atzo, maiatzak 8, Bilboko 3. Instrukzio Epaitegiko arduradunari, euren "helburua lortuta". Hiru ultren jokaera "zigorgabe ez geratzea", alegia. Hortaz, "aurretiko eginbideetan herri akusazio gisa aurkeztu eta jarraitzeko asmorik ez" dutela adierazi diote instrukzio epaileari.
Karguekin aske
Maiatzaren 3an, Sevillako Auzitegiko 3. Instrukzio Aretoko epaileak behin-behinean aske utzi zituen Betiseko hiru ultrak, karguekin, deklarazioa hartu ondoren. Gorroto delitu baten erantzule diren argitzeko agindua eman du epaileak, erasoa sare sozialetan zabaltzeak delitua larriagotzen duela kontuan hartuta.
M.H.O.-ri, ustezko erasotzaileari, sare sozialetan eta foroetan edukiak zabaltzeko debekua eta Sevillatik lehenbailehen alde egiteko agindua eman diote, azken hau aurretik egindako delitu baten ondorioz ezarria zuelarik. Gainera, bi delitugatik (bide-segurtasunarekin eta lesioekin lotuta) aurrekari penalak dituen auzipetuak hilean birritan agertu beharko du Bilboko Auzitegiko 9. Instrukzio Epaitegian, izan ere, erasoa Bizkaiko hiriburuan izan zen, eta gertatutakoa bertan ikertuko dute.
[2017-05-03] Baldintzapean aske utzi dute Plaza Barrian gizon bat erasotu zuen ultra
[2017-04-28] Ertzaintzak ofizioz jardutea erabaki ostean, epaileak erabakiko du hiru ultren gainean
[2017-04-27] Pertsona bat erasotu du Plaza Barrian ustez Betiseko ultra batek