Trafikoa lasaitzea, 20 edo 30 kilometro orduko segurtasun guneak ezartzea eta zubietan bidegorriak lotzea dira Biziz Bizi elkarteko kideen aldarrikapen nagusiak. Horretarako, 48 orduko etengabeko "pedalkada" hasi zuten atzo, guztira 700 kilometro inguru betetzea helburu duena. Dagoeneko 300 kilometrotik gora egin dituzte txandaka eta parte hartzea "oso ona" izan dela adierazi dute antolatzaileek.
Ekimenaren bultzatzaileek hirian bizikletaren erabilera sustatzearekin batera, "Bilbo jasangarriagoa" eta "kutsadurarik gabea" bihurtu nahi dute. Era berean, zubietan bidegorriak desagertzeak txirrindulariak errepidetik joatera behartzen dituela eta arrisku horrek jende asko bizikleta garraiobide gisa ez hartzera bultzatzen dituela salatu dute.
Antolatzaileen arabera, oinezko eta gidariek ondo jaso dute atzo abiatutako ekimena, nahiz eta kotxe gidari batzuek "bozina jo" eta "espaloira igotzeko esan" dieten. Bihar 12:00etan emango diote amaiera ekimenari, aurreikusitako 700 kilometroak baino gehiago betez. Eskari guztiak Udalari helarazteko eta hiri eredu eta higikortasun planetan txerta daitezela eskatzeko sinadura bilketan ere ari dira.
Pedalkada ekimenean izena emateko orri hau betetzeko eskatu dute: 48 orduz pedalei eragiten