Gobernu Batzordean proposamen hau onartu ondoren, Marta Ajuria Ekonomia eta Ogasun Saileko zinegotziak horren berri eman die talde politiko guztiei eta horrela hasi da zuzenketak aurkezteko izapidea. Gero, Osoko Bilkuran eztabaidatuko da ordenantza fiskalen aldaketa.
Salbuespenak
Neurri horretatik kanpo geratu dira, beren horretan, Ondasun Higiezinen Zerga egoiliarrentzat (ordainagirien % 87,5) eta Bilbobuseko txartel sozialak, adibidez txartel hobariduna (Bilbotrans) eta Hirukotrans (familia ugarientzat).
• OHZri dagokionez, %2 aplikatuko da industriako eta merkataritzako erabileretan eta gainontzeko erabileretan (bulegoak...). Merkataritzako erabileretan, katastroko balioaren muga aldatu da gehitutako tasa aplikatu ahal izateko. Muga hori 300.000 eurotik 600.000 eurora igaro da, eta ondorioz, atxikitako lokal kopurua 725etik 150era murriztu da. Neurri hori 150 lokal ingurutan erabiliko litzateke, 2018ko kuotak gehituz, baina 575 higiezinen kasuan, kuotak 2017koak baino txikiagoak izango dira.
• Ibilgailuen gaineko zergan: Tarifa guztietan %2ko eguneratze lineala egin da eta zergaren progresibitateari eutsi zaio, ibilgailuen potentzia fiskalaren arabera.
• Gainbalioaren zergari dagokionez, ez da sartu Ordenantza Fiskal hau aldatzeko proposamenik, Bizkaiko Foru Aldundia idazten ari den foru arau berriaren zain, Lurralde Historikoko udalerri guztiek modu koordinatuan jardun dezaten.
• Bilbao Kirolak, Azkuna Zentroa eta Bilbao Musika: Hiru horiek ere ez dira 2018ko Ordenantza Fiskalak aldatzeko proposamenean sartu. Izan ere, prezio publikotzat joko dira, zerga-izaerarik ez dutelako eta Udalak kudeatzen ez dituelako, bakoitzaren erakundeak baizik. Madrilen eta Zaragozan –hauek ziren, Bilborekin batera, tasa-izaerari eusten zioten Estatuko udalerri bakarrak– “prezio publikoaren” irizpide hori onartu zen.
Berrikuntzak
Berritasun gisa, Udalaren proposamenak %25eko errekargua aplikatzeko aukera gehitu du bizilagunik gabe eta "hutsik" dauden etxebizitzetarako, alokairua sustatzeko eta etxebizitza horiek merkatura ateratzeko asmoz.
Era berean, Eraikuntza Lanen, Instalazioen eta Obren Zergan, etxebizitza dotazionaletarako oin berriko lanetan, babes publikoko etxebizitzek daukaten trataera fiskal bera aplikatzea proposatzen da, hau da, %2ko zerga-tasa, bai eta lehentasunezko tarifa bat obren tasan.
Bonifikazioak eta salbuespen fiskalak
Tasak beren horretan uzteaz gain, Udalak azken urteotan inplementatutako hobari eta salbuespen fiskalei ere eutsiko die, hiriaren suspertze ekonomikoan laguntzeko helburu nagusiaz, bereziki enpresa txiki eta ertainen eremuan.
Era berean, indarrean mantendu ditu familia ugariei zuzendutako onura fiskalak (OHZrenak izan ezik, iaz Foru Arauaren bitartez ezabatu baitzen), baita adinekoei, gazteei, DBEren jasotzaileei, langabetuei eta desgaitasuna duten pertsonei zuzendutakoak zein igogailuak instalatzea, oztopo arkitektonikoak ezabatzea eta abar xede dutenak ere, besteak beste.
Ekonomia bultzatzeko neurri fiskalak
Neurri fiskalei dagokienez, ekonomia bultzatzea baitute helburu, beren horretan mantendu dira aurreko ekitaldietakoak:
• Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga (JEZ): Ekitaldi berean jardueraren alta eta baja gertatzen bada, kuotak hainbanatzeko aukerari eusten zaio.
• Eraikuntza, Instalakuntza eta Obren gaineko Zergaren (EIOZ) tipo orokorrak aldaketa barik segitzen du, %4an, eta tasa murritzak ere bai, %2,5ean.
• Halaber, obra, urbanizatzeko jarduera eta beste zerbitzu tekniko batzuei lotutako zerbitzuak emateagatiko Tasak %20ko murrizketarekin jarraitzen du.
• Enpresa edo profesionalen jarduerak gauzatzeko lokalak berroneratze, berriztatu edo egokitzeko obrak direnean, EIOZan aplikatzen jarraituko da %2,5eko tasa murritza (%5eko tasa orokorraren ordez), eta Obren Tasan, berriz, tarifa murritzarekin (tarifa orokorraren %60rainokoa) segituko da.
• EIOZren %2,5eko tasa murritza (%5eko tasa orokorraren ordez) ezarriko da baita eta Obren Tasan tarifa murritza (tarifa orokorraren %60rainokoa) ikerkuntza arloko unibertsitate-ikastetxe eraiki berrien obrak direnean.
• EIOZren %2,5eko tasa murritza eta obren tasaren tarifa murritzari eutsiko zaio araudi autonomikoan aurreikusitakoaren arabera egingo diren berroneratze integraletarako, Udalak lehentasunezkotzat jotako berroneratzeetarako, eta aurrealdeak garbitu, margotu edo zaharberritzeko lanetarako.
• Karga barik jarraituko dute aurretiazko jakinarazpen-araubidepean dauden obra txikietako Obren Tasak; esate baterako, zoru, sabai eta hormen akabera, patioko leihoen ordeztea, aurrealdeetan jarritako olanak eta errotuluak, etab. Karga-salbuespen horren xedea da jarduera ekonomikoa bultzatzea eta lokalak zein etxebizitzak hobetzea, eraikinak, etxebizitzak eta negozioen lokalak hobetu eta eguneratzeko obra txikien amaierako kostua merkatuta.
• Haur edo Lehen Hezkuntzara zuzendutako udal higiezinetan Eusko Jaurlaritzak sustatzen dituen obretan EIOZren %95eko hobariari eutsiko zaio, eta baita obren lizentzia-tasaren tarifa orokorrean %90eko murrizketari ere. Orobat, Eusko Jaurlaritzak Bigarren Hezkuntzara zuzendutako higiezinetan sustatutako obretan, EIOZren %2ko tasa murritza eta obra-baimenaren tasaren lehentasunezko tarifa ezarriko dira.
• Helbide soziala Bilbora aldatu nahi duten pertsona juridikoek, eraikin eta lokaletan egindako obretan EIOZren %1,5eko tasa murritza eta lizentzia-obren tasaren lehentasunezko tarifetan %20ko murrizketa izaten jarraituko dute.
• Igogailurik ez duten eraikinetan hura jartzeko nahiz etxebizitza-eraikinetan muga arkitektonikoak kentzeko obretarako, baita ere, EIOZren %2,5eko tasa murritza eta obren tasaren tarifa murritzari eutsiko zaio.
• Jarduera eta Instalazioengatik nahiz Establezimenduak irekitzeagatik dagoen Tasan %20ko murrizketa mantendu da, eta zerga horretatik kanpo geratuko da aurretik jakinarazitako hirigintza-araubidearen araberako saltoki-mota guztiak irekitzea, ondorengo egiaztapen edo ikuskapena dagoenean izan ezik. Instalatzeko lizentzia beharrezkoa izango duten kasuak murriztuak jarraituko dute izaten; horietatik salbuetsita daude, oro har, bulegoak, merkataritzako jarduerak, ostalaritzako establezimenduak eta jatetxeak.
• Baimena eman eta gero atzera egiten denean, obrei ekin baino lehen edo jarduera burutu gabe, obren tasaren murrizketak %50ekoa izaten segituko du, eta irekitzeagatiko tasarenak %75ekoa.
• Motor elektrikodun ibilgailuetan Zergaren %95eko hobariari eutsiko zaio.
• Era berean, zorra administrazioaren bidez berraztertzeko aukera ematen jarraituko da, zerga-zorraren betearazpena bertan behera utzita, inolako kosturik gabe. Birjartzeko errekurtsoa edo erreklamazio ekonomikoa dagoenean, bermea jarri behar izan gabe bertan behera gera daitekeen zerga-zorren zenbatekoa, berriz, 600 eurotan mantenduko da.
• Azkenik, ordainketa zatikatzeko eta geroratzeko eskaerak egiteko aukerak bere horretan segituko du, zerga-zorrak epearen barruan ordaintzea ezinezkoa den kasuetan. 10.000 eurotan utziko da geroratze eta zatikatzeetan bermerik behar ez duten zergengatiko zorren gehieneko zenbatekoa.