Eskubide sozialen murrizketak salatzen jarraituko dutela iragarri dute gizarte eragileek

uriola.eus 2017ko mai. 29a, 11:37
Argazkia: Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta kontzentrazioa burutu dute Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzaren aurrean. Deialdiak bi helburu nagusi izan ditu: batetik Diru-Sarreren Bermerako eta inklusio sozialerako sisteman ematen ari diren murrizketak salatzea; bestetik, ekainerako mobilizazio egutegi bat aurkeztea.

Egun gutxi barru, maiatzaren 31n, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Enplegu eta Politika Sozialetako Departamenduak Diru-Sarreren Bermerako eta inklusio sozialerako sisteman egingo duen erreformaren neurriak iragarriko ditu. Neurriok, "orain arteko ildoari jarraituz", prestazioak jasotzeko baldintzen "gogortzea" ekarriko dutelakoan daude, "zoritxarrez", Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragileak.

"Murrizketa hauek dira Babes Sozialerako sistema eraisten ari direnak", adierazi dute gaur Eusko Jaurlaritzaren egoitza aurrean. Erantsi dutenez, "gero eta jende gutxiago babesten duen eta prestazio gero eta baxuagoak eskaintzen dituen sistema" da egungoa. Horregatik diote "erantzuleak" dituela: "Patronalak bezala, lan erreformak lan baldintzak okertzeko baliatzen dituztenak ari dira herritar pobreak sortzen. Babes soziala eraitsi edota murrizten duenak eta erabiltzaileak kriminalizatzen dituenak, pobrezia egoera betikotzen ari da, argi eta garbi".

 

Mobilizazioaren beharra

"Murrizketak aplikatzen dituzten politiken aurrean eta emergentzia sozial zein pobrezia egoera orokortuari buelta emateko", mobilizazioaren beharra berresten du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak.

Horregatik datozen asteetan hainbat mobilizazio deitu dituzte:

• Ekainak 5. Donostia. Pentsionista elkarteek deituta.

• Ekainak 14. Donostia eta Bilbo. Erabiltzaileen elkarteek deituta.

• Ekainak 22, Bilbo. Mugimendu feministak deituta.

• Ekainak 29. Donostia, Bilbo eta Gasteizen. Sindikatuek –ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE, Hiru– deituta.