Hasiera batean armen zamaketan laguntzeari uko egin ziola zabaldu zen arren, Ignacio Robles suhiltzaileak argitu duenez, ez zion uko egin agindutako lana betetzeari, "kontzientziagatik ezin nuela parte hartu" esan zien Bilboko Portuan berarekin batera lanean ari ziren kideei. Egoera horren aurrean, beste lankide bati deitu zioten. Beste suhiltzaile hori agertu arte itxaron zuen Roblesek. Azkenik, bonbak zamatu zirela eta, bere erabakiak "batere kalterik eragin ez" zuela dio kontzientzia eragozleak.
Egun hartan hasi zen suhiltzailea lehen presioak jasotzen. Gertatuaren berri Gobernuko ordezkariari eta Diputazioari emango ziotela aipatuz hasi ziren portuan. Aurrerago, bere jarreragatik espedientea zabalduko ziotela jakin zuen "egunkari baten bitartez", eta ez Bizkaiko Foru Aldundiaren bitartez. "Presioak izan dira lehen unetik", salatu du Roblesek. "Horrelako zerbait berriro ez gertatzeko edota adibide gisa zabaltzeko". Baina bitan pentsatu ostean, "ezin nezakeen beste ezer egin", gaineratu du.
Joan den ostiralean bi ordu eta erdi eman zituen deklaratzen bere espedientearen instruktorearen aurrean. Lau urtez kargugabetu dezakeen arduradunarengan "konfidantza" agertu du suhiltzaileak.
Besteak beste, Bizkaiko Batzar Nagusietako atarian Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kideek babestu zuten Robles txalo eta "Bizkaitik bonbarik ez" oihu artean.
[2017-05-26] Armak zamatzeari uko egin zion suhiltzaile kontzientzia eragozleari babesa