Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak sinatutako itunak zer ondorio ekarriko dizkio 2007 eta 2016 urteen arteko kupoen likidazioari?
Kontzertu ekonomikoak aurreikusten duenez, Kupoari buruzko akordioak alde biko organo batean erdietsiko dira. Organo horretan, batetik, Euskadiko administrazioek izango dute ordezkaritza (Jaurlaritzak eta foru aldundiek), eta, bestetik, Estatuko Administrazioak ere bere ordezkaritza izango du. Lortutako akordioari esker, 2007-2016 aldiari dagozkion finantza-fluxuak erregularizatu ahal izan dira, eta finantza-egonkortasuneko eskenatoki bat eman zaie Euskadiko erakundeei hurrengo bosturtekorako.
Zertan gauzatuko dira 1.400 milioi euroak? Jaurlaritzak dagoeneko kontabilizatu ditu?
Nahiz eta 1.400 milioien %75 jadanik aitortutako kobrantzen erregularizazioaren emaitza izan, begien bistakoa da Euskadiko erakundeek jasoko duten kopuru osoak nabarmen hobetuko duela haien finantza-egoera.
Ignacio Zubiri EHUko Ogasun katedradunaren arabera, kalkulua egiterakoan Jaurlaritzak ez du garden jokatu. Kalkuluen xehetasunik emango diguzu?
Lortutako akordioa publikoa eta gardena da, eta gure finantza-sistema arautzen duen araudiaren emaitza da. Gardentasun-falta argudiatuz arlo akademikotik eta politikotik akordioari egin zaizkion kritika askotan emaitzak jarri dira zalantzan, baina, funtsean, gure finantzaketa-sistemaren aurkako jarrera dago haien atzean. Lortutako akordioetan jasotzen diren kopuruak araudia aplikatzearen emaitza dira. Kupoa kalkulatzeko metodologia teorikoki erraza izan arren, haren aplikazioa ezin da ondo zehaztutako kontzeptu batzuen batuketen eta kenketen kalkulu matematiko hutsa izan.
Zein transferentzia kuantifikatzean ez zineten bat etortzen?
Gastu publikoko politiketan eta aurrekontu-egituran izan diren aldaketak, transferitutako zenbait gairi dagozkien ekintzak eta kopuru zehatzak identifikatzeko zailtasuna, jadanik eskualdatu diren gai askotan funtzioak erreserbatzeko Estatuak duen jarrera...; horren guztiaren ondorioz, Estatuko Aurrekontuko partidetako asko eztabaida-iturri dira negoziazioetan. Hala ere, inplikatutako erakundeen konpromisoari esker, hori ez da eragozpena azkenean akordioak erdiesteko.
Zer proposatuko du Eusko Jaurlaritzak datorren komisio mistoan legegintzaldi honetan kupoaren kopuruarekin berriz arazorik ez egoteko? Zer egokitzapen proposatuko du Jaurlaritzak transferitu bako transferentzien kostua kalkulatzeko?
Eusko Jaurlaritzaren iritziz, aurreikusitako alde biko organoetan akordioak lortzeko dauden baliabideak nahikoak dira. Alde biko harreman batean, jakina, beharrezkoa da bi aldeek akordioetara iristeko borondatea izatea. Gure iritziz, egonkortasunera itzuli gara Estatuarekiko finantza-harremanetan, eta hurrengo urteetan horrela jarraituko dugu.
%6,24a ez da berraztertuko, beraz?
Kupoaren egozpen-indizeak (%6,24 egun) jarraitzen du ordezkatzen oinarrian Euskadiko ekonomiak Estatuaren barruan duen pisua; hori dela-eta, ez dago arrazoirik 2017-2021 bosturtekoan aldaketa handirik aurreikusteko; beraz, bosturteko horretan ere aplikatuko litzateke.
2007ko aurrekaria ikusita, bermerik al dauka Jaurlaritzak Espainiako Gobernuak bere berba beteko duela?
Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoan lortutako akordioak lege baten arabera lortutako akordioak dira eta, beraz, ordezkatutako erakunde guztiak lotzen dituzte. Sor litezkeen arazoei alde biko organoen barruan konponbide bat bilatzeko erakunde guztiek duten konpromisoan sinesten dugu.
Kupoaren kalkulua auzi teknikoa izanik, prezio politikoa jartzea ez al da arriskutsua? Honek ez al du jendartean susmorik sortzen?
Azkenaldian, Kupoaren zenbatekoan jartzen ari da arreta, baina ez dugu ahaztu behar Kupoa finantzaketa-araubide berezi bati zor zaiola, Kontzertu Ekonomikoari alegia, eta, horren bitartez, Estatuko beste erkidegoetan tributuak ezartzeko Estatuko ogasunak duen ahalmena dutela Euskadiko erakundeek. [...] Kupoaren zenbatekoa lotuta dago Euskal Autonomia Erkidegoak duen eskumen-mailarekin, baita bere tributu-sistema kudeatzeak dakarkion arriskuarekin ere. Gure finantzazio-sistema ezin da alderatu Estatuko beste erkidegoetako ezeinekin; izan ere, haiek, krisialdiko azken urte hauetan demostratu den bezala, Administrazio Zentralaren laguntza (baita erreskatea ere) jaso behar izan dute.