"Bizitza duina" eta "fiskalitate justua" aldarrikatu dute gizarte eragileek

uriola.eus 2017ko eka. 8a, 09:49

Argazkia: LAB sindikatua

"Bizitzaren jasangarritasuna erdigunean jarriko duen jendarte eredua eraikitzeko" eta "inposatu zaigun eredu ekonomiko eta soziala errotik aldatzeko" giza kate bat osatuko dute Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragileek 11:00etatik aurrera Kale Nagusian. 

Errealitate sozio-ekonomikoaren irakurketa beltza egin dute Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten eragileek. Besteak beste, gogor kritikatu dute aberastasunaren egungo banaketa. "Desoreka sozialak handitu eta sortzen den aberastasuna gero eta esku gutxiagotan pilatzen da", LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranbururen esanetan. "Kapitalak, gero eta botere gehiago eta gero eta errenta gehiago pilatzen du. Sortzen den aberastasuna birbanatzeko inolako erabakirik eta norabide horretan doan politika publikorik ere ez dago", esan du. 

Kartako lantaldearen arabera, aberastasuna birbanatzeko bi bide daude, "ez batean ez bestean hartzen diren erabakiek ez diote helburu horri erantzuten".  

Bideetako bat lan harremenetan soldata eta lan baldintzak "duintzea" da. Eta "ez da hau azken urteetan hartu den bidea", Aranbururen hitzetan. Enplegu berririk "apenas" sortzen da edo "oso prekarioa da" eta "dagoena prekarizatzen da". 

Aberastasuna birbanatzeko bigarren bidea aurrekontu eta zerga politika bitartez egitea proposatzen dute. Politika publikoen bidez "bestelako babes sozial eta zerbitzu publiko sistema bat eraikiz". 

Hain zuzen ere, gaurko agerraldian bigarren horri buruz aritu dira batik bat. Garbiñe Aranbururen iritziz, "kontua da ze zerga politika egiten den, nondik biltzen den diru gehiago eta zertarako erabiltzen den diru hori. Zerga politikaren erreformaren beharraz entzun dugu egun hauetan, eta guk, noski, behar hori berresten dugu. Eztabaida hori mahai gainean egotea neurri handi batean sindikatu eta eragile sozialok egin dugun presioari esker da. Baina, eztabaida horren mugak ezin ditu patronalak ipini".

LABeko idazkari nagusiak adierazitakoaren arabera, "gaiak duen garrantziagatik, eta proposamen zehatzak izan baditugulako, eragile sindikal eta sozialok eztabaida horretan parte hartu behar dugula eskatzen dugu eta horretarako aukera eskaini behar zaigu. Bukatu behar da patronalaren neurrirako zerga politikarekin".

 

Aldatu beharrekoak

Aranburuk egoeraren erradiografia egin du, baita aldatu beharrekoak zehaztu ere. Hasteko, zerga politika "berrikusi behar da eta egun duguna baina progresibitate handiagoa izan behar du". Egun lanaren gaineko errentengan erortzen da zama gehien. "Gehien duenak ordaindu behar du gehiago".

Bigarranez, enpresek dituzten "irabazien arabera" gehiago ordaindu behar dute. "Bukatu behar da egun dagoen pikareskarako tartearekin". Enpresek kenkarien bidez, ezarritako tipoa baino gutxiago ordaintzen dute.

Zerga iruzurrarekin amaitzeko "determinazioa eta erabaki politikoa" behar da. Horretarako beharrezkotzat jo ditu bitarteko tekniko, ekonomiko eta baita giza baliabide gehiago ere. DSBEn (RGI) egon daitekeen iruzur tartea "txikikeria izugarria da" zerga iruzurrarekin alderatuz.

Azkenik, "bestelako zerga politika bat" eskatu du. "Kontzertu ekonomikoak edota konbenioak ematen dituen aukerak herritarren gehiengoaren zerbitzura jarriz. Noski patronalak ez du hori gustuko. Eta horrekin batera, kontuan izanik zerga guztiak ezin dituztela arautu, burujabetza fiskala aldarrikatzen dugu".

 

www.eskubidesozialenkarta.com