CETA akordioak eragingo duen "demokraziaren erailketa" irudikatu dute kalejira batekin

uriola.eus 2017ko eka. 2a, 13:51

Larunbatean, ekainak 3, Euskal Herriko Eskubideen Kartako eragileek eta TTIP/CETA Ez plataformak deituta kalejira egingo dute Bilbon. Talde politiko nagusiei eta Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari adieraziko diete "demokrazia erailtzen" ari direla. 

Kanada eta Europar Batasunaren arteko merkatu librea sustatzeko Nazioarteko Hitzarmen Ekonomikoa da CETA. TTIP akordioaren antzera, merkatu berriak liberalizatzea eta horretarako legedia bateratzea du helburu. Euskal Herriko Eskubideen Karta eta TTIP/CETA EZ plataformaren iritziz, CETAk "gure bizitzak prekarizatuko du, besteak beste, gure lan eskubideak murriztuko ditu eta elikadura segurtasuna arriskuan jarriko du, azken finean, planeta salgai jarriz". 

Akordio hau dagoeneko Kanadak eta Europar Batasunak sinatu dute eta hurrengo pausoa Europako estatuek berrestea da. Espainiar Estatuko Gobernuak onarpen prozesua "azkartu nahi" duela salatu dute CETAren aurkako eragileek, "hain garrantzitsua den lege bat tramite hutsa bezala irudikatuz eta jendartearen eta estatuko nazio ezberdinen iritziarekin kontatu gabe".

Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroako Foru Erkidegoak eskumenik ez duten arren CETA ituna onartzeko, bertako "alderdi batzuen borondate ezak" herritarren etorkizuna "jokoan jarri du". Zentzu horretan, "kalera ateratzeko beharra" azpimarratu dute gizarte eragileek "gure etorkizunaren jabe izan nahi dugula aldarrikatzera". 

Kalejira PPren egoitza aurrean hasiko dute, larunbatean 12:30ean. Handik Eusko Jaurlaritza, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritza, PSE-EE eta EAJren egoitzara egingo dute.