Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA) txosten bat egin du Bilboko Udalak –eta beste udal entitate batzuek– eta Metropoli Fundazioak sinatutako negozio juridiko batzuei buruz. LEAk hobetzeko "tarte zabala" ikusten du 2010etik 2014ra bitarteko epean egindako 1.475.000 euroko esleipenean. Bertan "lehia askea deuseztatu" dela aipatzen du LEAk kontratu-multzo batean, "interes orokorraren kaltean".
Txostenak azpimarratzen du kontratazioari buruzko araudiak tresna-sorta zabala eskaintzen diela administrazioei euren beharrak efizientziaz asetzeko, operatzaileen arteko aukera-berdintasunari kalterik egin gabe.
"Aztertutako negozioetan kontra-prestazio bat dagoenez prezio baten truke, kontratutzat hartu behar dira horiek eta ez hitzarmentzat edo dohaintzatzat, Udalak egin duen bezala. Negozio horien edukiak ez du justifikatzen Metropoli Fundazioa izatea Administrazioak zehaztutako helburuak betetzeko gai den 'entitate bakarra'. Nahiz eta negozioak fundazio batekin sinatu (irabazi-asmorik gabea, beraz), entitate horren kontuak aztertuta ondorioztatzen da bere jarduera ia osoak merkataritzako izaera duela. Publizitate eta lehia-printzipioak funtsezkoak dira interes orokorra bermatzeko. Horregatik, administrazioek estuki saihestu behar dute beste kontratazio-mota batzuk erabiltzea, printzipio horien kaltean".
Interes orokorraren berme egokiak "kontratazio-prozesu bat hastea" ekarriko lukeela dio LEAk. Han, aukera-berdintasuna bermatuz gero, enpresa batzuek parte hartu ahal izango zuten. "Hori gertatuz gero, kalitatearen eta prezioen hobekuntzak egongo ziren eta administrazioek diru publiko gehiago erabili ahal izango zuten herritarrentzako bestelako zerbitzuetan".
EH Bildu: "Txostenak dio arrazoia daukagula"
Aitziber Ibaibarriaga EH Bildu Bilboko bozeramaileak Lehiaren Euskal Agintaritzaren txostenaren ondorioak azaldu ditu. Ondorio horiek EH Bilduk 2014an egindako salaketarekin bat datoz. Lehiaren Euskal Agintaritzaren arabera, "lehia askea bermatzen zuen prozesurik gabe ordaindu zitzaizkion Metropoli Fundazioari 1.475.000 euro".
"Txostenak dio arrazoia daukagula. Diru hori, 2014an salatu genuen bezala, nahierara eman zen. Guk 700.000 euroko ordainketa izan zela pentsatu genuen baina, gure harridurarako, ia milioi eta erdi ordaindu zitzaion fundazioari nahierara", esan du Ibaibarriagak. "Txosten horrek bere egunean gobernuak eman zituen argudio guztiak baliorik gabe uzten ditu. Fundazioari diru hori ordaintzeko erabilitako argudioek, beraz, ez daukate inolako oinarririk. Irabaziak lortzeko asmo bat zeukan eta fundazioak enpresa baten moduan funtzionatzen zuen. Izan ere, hainbat urteetan haien etekinak jarduera merkantiletik heldu ziren".
2014an udal gobernuak zioen Metropoli Fundazioak soilik egin zezakeela Auzo Bihotzak bezalako proiektu bat. "Txostenean argi geratzen da ez zela horrela, argi geratzen den bezala ia milioi eta erdi nahierara eman zela. Orain alkateari eta gobernu taldeari galdetu behar diogu zer dela eta defendatu zuten behin eta berriro fundazio horri dirua ematea".
LEA: Bilboko Udalak eta Metropoli Fundazioak sinatutako negozio juridiko batzuei buruzko txostena
Agerraldi eskaera
Egoera horren aurrean, EH Bilduk Aburto alkatearen agerraldia eskatuko du. Aurreko galderaz gain koalizioak jakin nahi du ea txosten horrek inolako ondorio politikorik izango duen. EH Bilduk mahai gainean jarriko du ere lehiaketa publikorik gabe egindako akordio hori bertan behera uzteko aukera.
"Akordio horiek guztiek oinarri juridikorik daukaten aztertzea beharrezkoa da", esan du EH Bildu Bilboko bozeramaileak.